Lan erreforma berriaren kontra, elkarretaratzeak egin dituzte hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2022ko ots. 2a, 15:30

Espainiako Kongresuan bihar bozkatuko duten lan erreformaren aurka kalera atera dira hainbat herritar gaur goizean. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deialdiei erantzunez, Urola Kostako enpresen atarietan nahiz beste hainbat lekutan egin dituzte protestak.

Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostu duten eta bihar Espainiako Kongresuan bozkatuko eztabaidatu eta bozkatuko duten lan erreformaren kontrako elkarretaratzeak egin dituzte gaur, asteazkena, Euskal Herriko hainbat txokotan.

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deialdiei erantzunez, Urola Kostan ere egin dituzte protestak hainbat beharginek, bai enpresen atarietan, bai beste zenbait lekutan. Hainbat lagun elkartu dira, adibidez, Azpeitiko Landeta auzoko nahiz Arroako Sansinenea industrialdeko biribilguneetan, baita Zumaiako GKN lantegiaren atarian eta Zarauzko suhiltzaileen parkean ere. Lan erreforma honi ez, lan harremanen euskal esparruaren alde lelodun pankartapean egin dituzte kontzentrazioak.

Deialdia egin duten sindikatuen arabera, “oso larria” da onartzekotan diren lan erreforma. Izan ere, itun horrek 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura “mantentzen” duela azaldu dute. “Langile klasearen pobretzea helburu zuten ia tresna guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere”.

Bi elementuk kezka

Sindikatuek azaldu duenez, bereziki bi elementuk sortzen diete kezka: batetik, negoziazio kolektiboan Espainiako Estatuaren “marko inposatzailea mantentzeak” ez diela segurtasun juridikorik ematen EAEn zein Nafarroan negoziatutako hitzarmenei. “Langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu, inolako kanpoko injerentziarik gabe”. Bestetik, sektorekako lan hitzarmenen “prebalentziaren inguruko tranpa” aipatu dute. “Eskatzen duguna da, lan hitzarmen sektorialak bere osotasunean minimoak izatea, enpresako lan hitzarmenen gainetik; ez soilik soldatetan, elementu guztietan baizik”.

Bestalde, balizko lan erreforma berrian langileen kaleratze prozedurak ez dituztela aldatu salatu dute sindikatuek. “2012an izugarri lausotu ziren kaleratze objektiborako kausak; kaleratzea merkatu egin zen, administrazioaren kontrola ezabatu egin zuten eta tramitazio soldatak kendu egin zituzten”. Kaleratze erraza langileengan “prekarietatea eta ziurgabetasuna” eragiteko tresna dela adierazi dute, eta azaldu dute horregatik ezarri diola patronalak betoa horren aldaketari.

Halaber, eskubide berriak lortzeko aukera “galdu” egin dela jakinarazi dute: “Bereziki larria da etxeko eta zaintzako langileak gainerakoekin parekatzeko neurririk ez jasotzea erreforman, horiek Gizarte Segurantzako erregimen orokorretik kanpo utzita eta oinarrizko eskubiderik ez duten egoeran utzita”.

Bozketa, bihar Espainiako Kongresuan

Bihar, osteguna, bozkatuko dute lan erreforma berria Espainiako Kongresuan, eta azken egunetan, sindikatuak ez ezik, kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoak ere ari dira gaiaz hizketan. Gobernuaren proposamenaren aldeko boza emango dute alderdi batzuek; dagoeneko jakinarazi dute erabakia. Beste batzuek, baina, testuan aldaketak egiteko eskatu diote gobernuari, eta beste hainbatek kontrako boza emango dutela iragarri dute. Horien artean dira, EAJ eta EH Bildu, esaterako. Dena den, negoziaketan dabil buru-belarri Espainiako Gobernua, eta ikusteko dago bihar zer eta noren babesa izango duen proposamenak.