Zabaldu dute Uemaren Salto! udaleku ibiltarian izena emateko epea

Julene Frantzesena 2022ko ots. 3a, 15:52
2018ko Salto! udalekuetako irudi bat. (Uema)

Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira. Udalekuetan begirale edo sukaldari lanetan aritu nahi dutenen curriculumak jasotzen ere hasi da Uema.

Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako udalekuak antolatuko ditu aurten ere Uemak. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango da aurtengo edizioa, eta dagoeneko zabalik da izena emateko epea; zehazki, martxoaren 31ra arte izango da horretarako aukera. Uemak izena emateko hiru bide jarri ditu: batetik, Internet bidez egin ahal izango da eskaera; bestetik, 943-81 66 99 telefono zenbakira deituta; eta horrez gain, datuak hezkuntza@uema.eus helbide elektronikora bidalita ere bai.

Aurtengo udalekuak ere ibiltariak izango dira. Hain zuzen ere, 50 laguneko talde bana Tolosatik (Gipuzkoa) eta Etxarri Aranaztik (Nafarroa) abiatuko dira. Udalekuen laugarren egunean, baina, Leitzan (Nafarroa) elkartuko dira bi taldeak. Iaz gazte askok eman zuten udalekuetarako izena, baina plaza kopurua mugatua zenez, batzuek ezin izan zuten parte hartu; aurten, ordea, parte-hartzaile kopurua handitu du Uemak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da Salto! izeneko udalekuen xedea. Hala azaldu du Uemak: "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea lortu eta horrekin efektu biderkatzailea sortu nahi du Uemak udaleku ibiltarien bidez". Gainera, gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea ere badu helburu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, baita gazteek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusaraztea ere.

Begiraleak eta sukaldariak

Salto! topaketetan begirale nahiz sukaldari lanetan ariko diren lagunen hautaketa prozesua ere jarri du martxan Uemak. Horrenbestez, astebeteko udalekuetan zeregin horietan aritu nahi duten herritarrek martxoaren 4a baino lehen bidali beharko dute curriculuma arnasguneak@uema.eus helbide elektronikora. Hautaketaren emaitzak apirilaren 15erako jakinaraziko ditu mankomunitateak.