Inauteriak 2022

Jorge Ignacio Davilaren 'Kamuflash' lanak irabazi du Inauterietako Kartel Lehiaketa

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 11a, 14:30

Diego Ingelmo Benaventek jaso du bigarren saria eta Berta Otxoaerrartek, berriz, publikoaren saria. Udalak datorren astean aurkeztuko du Inauterietako programazioa, baina Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du zarauztarrek "merezi duten festak bizitzeko aukera" izango dutela.

Gaur goizean banatu dituzte Inauterietako kartel lehiaketako irabazleen sariak. Aurtengoan ere parte hartze nabarmena izan du Euskalduna tabernak Zarauzko Udalak laguntzarekin antolatzen duen lehiaketak; izan ere, guztira, 21 lan jaso dituzte. Ohi bezala, hiru sari banatu dituzte, eta epaimahaiak ebatzi du Jorge Ignacio Davilak aurkeztutako Kamuflash lana dela kartel irabazlea. Davilak ia urtero hartzen du parte lehiaketa honetan, eta badaki zer den saritua izatea, aurrengoarekin hirugarrenez irabazi baitu; azkenekoz, 2019an.

Bigarren saria Castelloko (Herrialde Katalanak) Diego Ingelmo Benaventek irabazi du, Monozikloa lanarekin. Antolatzaileek azaldu dute lehen aldia dela sari bat "horren urrutira" heltzen dela, eta, normala denez, sarituak ezin izan du ekitaldira bertaratu. Publikoaren saria, berriz, Berta Otxoaerrarte zarauztarrarentzat izan da, Sardina Maskarada lanagatik. Berak lortu ditu aldeko boto gehien Zarauzko Turismoren Facebook atarian. Lehiaketa batera aurkezten zen lehen aldiz zen, eta oso gustura agertu da lortutakoarekin.

Sariak banatzen aritu dira Felix Borda Euskalduna tabernako arduraduna, Xabier Txurruka alkatea eta Jaiak eta Ekitaldien zinegotzi Ixidor Larrañaga. Epaimahai lanetan, bien bitartean, Borda eta Larrañagaz gain, Artezaleak elkarteko Karmen Agirretxea eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko Marisa Di Santo. Orain, lehiaketako kartel guztiak ikusgai daude Euskaduna tabernan bertan.

"Merezi ditugu Inauteriak"

Alkateak eskertu egin zuen Euskaldunakoek urtero erakusten duten prestutasuna Inauterien bueltan kartel lehiaketa antolatzeko. Era berean, gogora ekarri du udala abendutik ari dela prestatzen Inauterietako konpartsa, eta taldetxo bat entseatzen ibili dela urtarrila eta otsailan zehar, ondoren kalera ateratzeko.

"Nolanahi ere, zain geunden agintariek zer esango zuten osasun neurrien ebaoluzioaren arabera. Atzo jakin genuen eboluzioa  erabat aldekoa dela, eta hainbat neurri bertan behera geratu dira. Beraz, udaletik esan behar dugu aurten zarauztarrok merezi ditugun Inauteriak bizitzeko aukera izango dugula", nabarmendu du.

Programaren nondik norakoak datorren astean aurkeztuko dituztela jakinarazi du Txurrukak. Jakina dena da Davilak eginiko Kamuflash lana erabiliko dute aurtengo festak iragartzeko.