Ane Arruti: "Konturatu naiz behar dudan eta nahi dudan zerbait izan dela Keia"

Keia taldea. (Keia)

Ane Arrutik (Zarautz, 1985) bakarka abiatu zuen proiektuak talde izaera hartu du, eta Keia izenean jalgi da plazara. Erregaia da bere lehen lana, bihar Modelo aretoan zuzenean aurkeztuko duena.

Arrutiko Itxaurrak bakarlari gisa egin zinen ezaguna. Orain, aldiz, proposamen berri batekin zatoz: Keia taldearekin. Nola sortu da aukera hau?
Nik baneuzkan urteetan pilatutako hainbat abesti, eta beti nenbilen grabatzeko asmoarekin, baina ez nituen lehengo moldean, bakarlari modura jaso nahi, baizik eta talde formatuan. Beti horri bueltaka nenbilen, urteak joan eta etorri. Nire asmoak azaldu nizkion Iker Martinez de Zuazo gitarristari, eta bera laguntzeko prest agertu zen. Argi ikusten nuen bateriak eta baxuak egon behar zutela abestietan, eta, horrela, Egoitz Olalde eta Iñigo Ibarrondo animatu ziren proiektura. Hasieran kantu batzuk grabatzeko asmoz sortu zena, ondoren taldea bilakatu da. Izan ere, lokalean biltzen hasi, eta elkarrekin gustura geundela konturatu ginen, eta animatu egin ginen entseatzera, zuzenekoak prestatzera eta talde formatuan funtzionatzera.


Bakarlari proiektua izatetik taldekoa izatera pasatu zen, beraz.
Oinarrian nire abestiak dira, baina sortze prozesuan askatasun osoa utzi nien gainerako taldekideei. Sekulako musikariekin elkartu naizenez, bakoitzari bere instrumentuarekin nahi duen ekarpena egin dezan utzi diot. Eta horrek talde izaera eman diola uste dut. Azken finean, guztion arteko elkarlana egon da, eta taldeko proiektua izan da.


Hasieratik garbi zeneukaten zer norabide hartu nahi zenuten, bai musika aldetik bai talde bezala? Ala taldeari berari utzi diozue bidea egiten?
Ez genuen ezer zehatzik markatu hasieran; pixkanaka joan gara taldea gorpuzten. Kontuan izan behar da hau guztia pandemia garaian izan zela. Orduan, taldekide guztiok elkartu ginenerako jada bakoitza bere kasa hasia zen lanean: nik etxean grabatzen nuen zerbait, eta ondoren bateria-jotzaileari pasatzen nion; hark bere kabuz egiten zuen zer edo zer, jarraian baxu-jotzaileak bere moldaketa egiten zuen, gero gitarrak... Oro har, abesti bakoitzak eskatzen zuena egitera joan gara, aurretik ezer itxi gabe, ezer zehaztu gabe. Gero, egia da soinu bereizgarri bat hartu dutela abesti askok.

Keia jarri diozue izena taldeari, eta helarazi duzuen oharrean diozuenaren arabera, «gure barruko su ezberdinen keia dira kantuak».
Askotan baditugu gure baitan su batzuk identifikatzea kosta egiten zaizkigunak. Badaukagu zerbait, baina ez dakigu zer den, edo ez dakigu nola kopondu. Etengabeko kezka horiek dira, nolabait esateko. Azkenean, keia edo kea beti azaleratu egiten da, barruan sua dagoen seinale; taldearen izena hortik dator. 


Hitz jokoa eginez, estreinako diskoari Erregaia izenburua jarri diozue. Su emateko prest zaudete, antza.
Hori da, bai. Hor dauzkagun kezka horiei bota diegu erregai pixka bat, eta jada su guztia azaleratu da, ez kea bakarrik. 

Abestietako hitz askotan nolabaiteko min bat antzematen da. Ke hori kanporatzeko beharra al da?
Egia esan, ez dira abesti alaiak. Edonola ere, ez nuke esango triste nengoela egindako abestiak direnik, baina niri behintzat errazagoa zait min horien inguruan kantatzea, alaitasunaren inguruan abestea baino. Orain arte, beti jo izan dut gehiago akorde minorretara akorde maiorretara baino. 


Gainera, letra batzuetan gaiak errepikatu egiten dira, baina badute metafora landu bat entzuleari geratzen zaiona. Badago saiakera bat hitz gutxirekin mezu sakona helarazteko, ezta?
Ez da kontzienteki egindako zerbait, baina badira ideia pare bat kantu ezberdinetan errepikatzen direnak. Esango nuke ideia horri bueltaka hasi nintzela intxaurraren kontuarekin: azalaren eta mamiaren kontzeptuarekin, alegia. Oskolaren atzean abestian kontatzen dut zeinen gogorrak garen kanpotik eta, gero, benetan barrutik nola gauden. Badago beste abesti bat [Damua] norbere erakusleihoez hitz egiten duena. Nik uste dut badudala obsesio txiki bat horrekin; izan ere, askotan nolabait klasifikatu izan naute era batera, eta ni ez naiz identifikatuta sentitu deskribapen horrekin. 


«Handia egiten naizenean besteengatik negar egiteari utziko diot», diozu Handitzen naizenean abestian.
Geroagorako uzten ditugun gauzen ingurukoa da letra hori. Beti gerorako uzten ditugu gauzak, eta askotan egin gabe gelditzen dira, egunerokoan murgilduta gaudelako, eta benetan nahi ditugun gauzei ez diegulako heltzen. Besteengatik negar egiteari utzi, ardura hori apartatu, eta norbere buruari begiratzeari buruzko abestia da hori. Norbere nahiari jarraitzeari buruzkoa, hain zuzen ere. 


Kasu honetan, zuk eman duzu pausoa, pilatuta zeneuzkan abestiak grabatuta eta talde bat sortuta.
Nik uste dut beti nahi nuen zerbait izan dela hori, baina inoiz ez nuen horretarako pausoa ematen. Beti lehenetsi izan ditut beste gauza nahiz ardura batzuk, eta beti gerorako utzi dudan zerbait izan da. Konturatu naiz behar dudan eta nahi dudan zerbait dela, sekulako poztasuna ematen didalako. Orain iritsi da unea, behingoagatik, eta oso gustura nago pausoa eman dudalako.


Oskolaren atzean abestia aipatu duzu. Disko honetan zer geratzen da Arrutiko Intxaurretik?
Berandu abestia salbu, gainerako guztiak Arrutiko Intxaurra gisa jo izan nituen noizbait. Zentzu horretan, abesti batzuk agian ezagunak egingo zaizkio jendeari. Diskoan jasotako abestiak dira nire ibilian egiten joan naizenak eta noiz edo noiz jo izan ditudanak zuzenean, eta esango nuke kantuen oinarria ordukoa dela. Musikalki, aldiz, urrundu egin nahi izan dut akustikotik, eta rockeroagoa edo soinu elektrikoagoa bilatu dugu.


Orain arte bakarka grabatu duzu. Aldaketa handia izan al da prozesua talde gisa bizitzea?
Aurreko maketa osabarekin [Jexuxmai Lopetegi musikariarekin] grabatu nuen, etxe giroan, eta hau guztia berria izan da niretzako. Gainera, erabaki genuen guztiok batera, aldi berean, modu analogikoan grabatzea, eta areto berean bi egun pasatu genituen jotzen. Horrek entsegu batzuk eskatzen ditu, koordinazio zehatzez eta kontzentrazioz jarduteko. Baina, oro har, gozamena izan zen guztia. Gainera, sekulako esperientzia izan da Iñigo Irazokirekin grabatzea.

Modelo aretoan eskainiko dute kontzertua

Keia taldeak bi etxe ditu; bata, Zarautz da, eta bestea, Oñati. Ane Arruti salbu, gainerako taldekideak oñatiarrak dira. Hain zuzen ere, joan den larunbatean Oñatiko Antixena gaztetxean eman zuten lehen kontzertua, Zarauzko Ginger taldearekin oholtza partekatuz. «Jende dezente joan zen, eta niretzako zerbait berria izan zen. Urduritasunak urduritasun, oso ongi atera zen», dio Arrutik. Bihar Zarauzko Modelo aretoan joko dute, 20:00etan hasita, Serge bakarlari zarauztarrarekin batera.