Zarauzko bi enpresa lagundu ditu aldundiak proiektu eraldatzaileak gauzatzeko

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 19a, 18:00

Ekonomia Sustapeneko Departamentuak  Gipuzkoako 29 proiektu babestu ditu, eta horien artean, Baby Auto eta Erlain enpresena daude.

Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen, enpresa-elkarteen eta klusterren ekonomia zirkularra bultzatzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko Departamentua 29 proiektu babestu zituen iaz, 1,1 milioi euroko dirulaguntzarekin. Era berean, martxan dauden ekimen horietatik 22k foru-erakundearen babes ekonomikoa jaso dute lurraldeko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko 2021ean eginiko deialdiaren barruan. Ia 4,4 milioi euro bideratu ziren horretara, eta gainerako zazpiak, berriz, ekintzailetza bultzatzeko deialdiaren barruan lagundu zituzten.

Babestutako proiektuak askotarikoak dira, dela edukiari dagokionez, dela horiek gauzatzen dituzten sektore edo eragileei dagokienez. Tartean, esaterako, Zarauzko bi enpresa daude: batetik, Baby Auto Emausekin elkarlanean ari da maskotentzako produktuak egiten, haurren autoen aulkitxoak desmuntatuta; eta, bestetik, Erlain enpresak plastiko % 100 birziklatu eta birziklagarriko molde adimendunak garatzen ditu.