2022ko Martxoaren 8a

Parekidetasun departamentuak Martxoaren 8rako egitaraua aurkeztu du

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 23a, 12:57
Emakumeen* Etxean ehuntzen aritzen diren emakumeak, Miren Izeta Monte Albertiako irakaslea (ezkerretik hasita laugarrena) eta Gloria Vazquez (ezkerretik hasita bosgarrena), gaurko agerraldian. (A.U.A.)

Indarkeria Matxistaren Kontrako Matazak proiektuarekin bat egingo dute Zarautzen ere, eta bufanda luze bat ehungo dute hainbat emakumek. Horrez gain, Tik Tok sare sozialerako erronka eta beste hainbat ekitaldi prestatu ditu Martxoaren 8aren bueltan udaleko Parekidetasun departamentuak.

Parekidetasun departamentuak Martxoaren 8aren inguruan antolatu dituen egitasmoak aurkeztu dituzte gaur goizean Emakumeen* Etxean. Bertan izan dira Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia, Miren Izeta Monte Albertia ikastetxeko irakaslea eta Emakumeen* Etxean ehuntzeko elkartu ohi diren hainbat emakume. Vazquezek berak eman du esku artean dituzten egitasmoen berri, eta martxorako antolatu dituzten ekintzak azaldu ditu.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Matazak proiektuaren berri eman du, besteak beste, Vazquezek. Astigarragan sortu zuen bertako emakume talde batek, eta indarkeria matxistaren aurkako sarea irudikatzen duen mataza erraldoi bat ari dira sortzen hainbat herritako emakume taldeak. Emakumeen artean sareak sortzea ere bada helburua, eta ehun horren bidez irudikatzen da sare hori. Zarautzen ere bat egingo dute proiektuarekin, eta Emakumeen* Etxean arropa ehuntzeko elkartzen den emakume talde batek osatuko du bufanda luzea. Bestetik, talde hori bera ehunezko 8 formako paparreko moreak ari dira egiten egunotan, eta asmoa da herritarren artean banatzea.

Tik Tokeko erronka

Vazquezek azaldu du gazteak berdintasunaren alde lan egitera hurbildu nahi dituztela, eta horretarako beraiek erabili ohi dituzten sare sozialetara jotzea pentsatu dute. Erronka bat egingo dute Tik Tok sare sozialaren bitartez. Helburua izango da erabiltzaileek 500 bideo igotzea sare sozial horretara Martxoaren 8an, kolore morearekin eta berdintasunarekin lotutakoak. Bideoetan jarri beharreko traola #M8Zarautzmore500baietz izango da.

Horrez gain, urtero bezala, "Zarautz morez jantzi nahi" dute. Horretarako, banderinak kokatuko dituzte hainbat plazatan, eta bandera horiek jasotzeko aukera badago dagoeneko Emakumeen* Etxean bertan.

Egitaraua

Egun seinalatua Martxoaren 8a den arren, martxo osoan zehar izango dira hainbat ekitaldi, Parekidetasun departamentuaren eskutik.

  • Martxoak 7. 10:30etik 12:30era, paparreko 8 moreak ehuntzeko aukera izango da Emakumeen* Etxearen aurrean.
  • Martxoak 8. Mujeres del siglo XX filma emango dute Modelo aretoan, 20:00etan.
  • Martxoak 11. Bete ingoiau antzezlana 20:00etan Modelo aretoan.
  • Martxoak 12. San Telmo museora bisita gidatua. Baginen bagara emakume artisten inguruko erakusketa ikusteko aukera. Aurrez izena eman beharko da Emakumeen* Etxean.
  • Martxoak 15. Otsandreak korrika lanaren kontaketa Emakumeen* Etxean, 19:00etan. Izena eman beharko da aurrez.

Hezkidetza Foroa

Pandemia dela eta kaleetan elkartzen ez badira ere, Hezkidetza Foroak halako egun seinalatuetarako lanean jarraitzen du. Ohi bezala, pankartak jarriko dituzte ikastetxe guztietan, eta horri buruz hitz egin du Monte Albertiako irakasle Miren Izetak. Hezkidetza Foroa osatzen dute Urola Kostako hainbat ikastetxetako kideek, Berritzegunekoek eta udaletako teknikariek. Ikasturtean zehar hainbat bilera egiten dituzte hezkidetzara bideratutako lanketa bateratuak egiteko, eta halako egun seinalatuetan aldarrikapen berdina egiten dute aho batez.