Eguzkik babes neurriak hartzea eskatu die Zarauzko eta Getariako udalei oinezkoen pasealekuan

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 25a, 10:34
Gozokien plastikozko zorro bat, Getaria eta Zarautz arteko pasealekuan (Argazkia: Eguzki)

Zehazki, pasealekuko baranden azpialdea babestea eskatzen dute, plastikoak eta bestelako hondakinak itsasora iristea saihesteko.

Eguzkik Getariako eta Zarauzko udalei eskatu die bi herriak lotzen dituen oinezkoen pasealekuko baranden behealdean saretak jartzeko, hala hondakinak itsasora iritsi ez daitezen, "besteak beste, tabako paketeak, hura biltzen duten plastikoak, zigarrokinak, musukoak, paperezko ezpainzapiak, plastikozko poltsak, plastikozko botilak, azukre, karamelu eta snack bilgarriak, eta abar".

Talde ekologistako kideek Getariatik Zarautzerako bidea egin dute pasealekua erabilita, eta beren begiz ikusi dituzte hondakinak, baita zerrendatu ere: "Getariako herritik oinez hastea erabakitzen badugu, barandak hasten diren tokitik, hamahiru metrora, lehenik eta behin bi snack bilgarri ikusiko ditugu, eta haien ondoan musuko bat. Oinez jarraituz gero, metro gutxira ere bai; plastikozko poltsa bat eta beste musuko bat. Bainu publikoen aurrean jartzen bagara, Zarautzera iritsi baino 750 metro lehenago, 50 metrotan, harrizko irtengune txiki batzuk daude itsasoari begira. Hor ere, hondakinak ikusiko ditugu, ortuen artean: tabako zigarrokinak, gozoki plastikozko bilgarriak, freskagarri potea, ur botila txiki bat eta bi musuko higieniko, aldez aurretik barandaren azpitik sartu direnak, zalantzarik gabe".

Eguzkik nabarmendu duenez, Gipuzkoako herri askotan jarri dituzte saretak "hiriguneetan, ibai eta erreken ondoko barandak aprobetxatuz, baita industrialde eta bidegorri batzuetan ere", hondakinei bidea ixteko. "Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Zabor Dispertsiarren Inbentarioan jasota dago sareta horiek ibai, erreka eta itsas eremuan pasealekuen ondoko baranda guztietan jartzea, prebentzio eta babes neurri gisa, jakitun baitira zaborrak itsas ingurunera isurtzea handitzen ari den arazoa dela", esan du Eguzkik.  "Gainera, aldundiak, aurtengo otsailaren 14an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, dirulaguntzen lerro bat argitaratu zuen, besteak beste, zaborrak kontrolik gabe isurtzea eragozten duten horrelako elementuak jartzeko. Horregatik babes neurri horiek instalatzeko eskatu diegu Getariako eta Zarauzko udalei, bien eskumena baita".

Horrez gain, Eguzkik eskatu du ibai sistemen inguruetan eraikuntza edo birmoldaketa berriak egiten direnean, hala nola industrialdeak, bidegorriak, errekak eta itsas eremuen ondoko pasealekuak, "saretak integratuta gelditzea instalatzeko edo kontratatzeko baldintza edo pleguetan, gai horiekiko gero eta sentikorragoa den gizarte baten nahiarekin bat etorriz".

Amaitzeko, Eguzkik gogorarazi du hondakinik ez sortzea dela urrezko araua ingurumena babesteko. "Sortu gabeko hondakina da hondakinik onena, garapen jasangarria bultzatuz eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez. Gure ibaietan eta, ondorioz, itsasoan sortzen duten arazo handiari dagokionez, zalantzarik gabe, hondakinik onena uretako ekosistemetara iristen ez dena da".