2022ko Martxoaren 8a

"Nor bere eremuan ari da feminismoa lantzen, asko handitu da aktibismoa"

Edurne Epelde (utzitakoa)

Aurten 20 urte beteko ditu Euskal Herriko Bilgune Feministak, eta Edurne Epelde zarauztarra da sortzaileetako bat. Bertan militatzen jarraitzen du, eta hasierako garaiez nahiz gaur egungo helburuez aritu da.

Bi hamarkada bete ditu Euskal Herriko Bilgune Feministak,  hasieratik parte hartu duzu han. Zergatik sortu zenuten?

Garai hartan, Euskal Herriko hainbat emakume feministak eta abertzalek elkartzeko beharra sentitu zuten. Asmo horren berri jakin nuen, eta berehala batu nintzen proiektura. Euskal Herri feminista nahi genuen, eremuz eremu alternatibak eraiki: hezkuntzan, sozioekonomian, kulturan, hedabideetan, baita instituzioetan egiten zenaren gainean proposamenak egin ere. Dagoeneko eremu horietan lanean ari ziren emakume feministak saretzeko eta antolatzeko asmoarekin sortu zen 2002ko apirilean Bilgune Feminista, Euskal Herri feminista, burujabea, lortzeko anbizio politikoarekin.    

Zarautzen ere osatu zen taldea.

Bai. Garai hartan, Sorginak emakume taldea zegoen herrian, eta neuk han parte hartzen nuen. Hark erantzuten zion Zarauzko emakumeen errealitateari eta emakume gazte gisa genituen beharrei. Proiektu lokala zen, momentuan genituen beharrei oso lotutakoa. Pixkanaka, Zarauzko Bilgunea taldea sortu genuen eremu ezberdinetan lanean ari ginen eta feminismoarekin lotura genuen hainbat emakumek. Sorginak taldearekin elkarlana egin genuen eta ezinbestekoak izan ziren bien jardunak; asko zegoen egiteko, kontzientziatzeko, saretzeko. 

Beste garai batzuk ziren, ezta?

Garai hartan feminismoa eta militantzia feminista ez ziren ohikoak. Feminista ginen gehienak oso lotuta geunden gazte mugimenduari, beste batzuk sindikatuetan, alderdi politikoetan zeuden... Gure militantzia bat eta bakarra feminismoa izatea ez zen oso ohikoa orduan; gaur egun, gehiago. Genbiltzan beste talde haietan feminismoa ez zen hain begi onez ikusten eta ez zen pentsatzen lehentasunezkoa zenik. Orduan hasi ziren instituzioetan ere Berdintasun sailak eta planak sortzen. Ezin da oraingo panorama ordukoarekin alderatu. Aurrez, 1980eko eta 1990eko hamarkadetan, Euskal Herrian feminismoa oso-oso indartsua izan zen, baina gero, guk berdintasun faltsua deitzen diogun diskurtsoa oso-oso zabalduta egon da. Gure belaunaldian bagenuen sentsazio hori gizon eta emakumeok berdinak ginenarena, eskubideak lortu zirenarena. 

Zer lanketa egin zenituzten?

Esaterako, irakasle eta hezitzaileei zuzendutako hezkidetza gida egin genuen, hedabideekin –Urola Kostako HITZArekin ere bai– landu genuen estilo liburua, jai herrikoi eta parekideen aldeko kanpainak egin genituen... Eta hasieratik argi geneukan instituzioak interpelatu nahi genituela, baita orduan sortzen ari ziren espazio parte hartzaileetan egon ere. Hala hasi ginen sortzen ari zen Berdintasun Kontseiluan parte hartzen. 

Urte batzuetan indarra hartu zuen Bilguneak. Atzera begiratuta, non ikusten dituzu inflexio puntu garrantzitsuenak?

Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta izan zen bat. 2004an hasi ginen prozesua diseinatzen eta eztabaidatzen, eta  herri eta hirietan eztabaida mardulenak orduan izan ziren, karta bera 2007an aurkeztu zen arren. Gero, horri oso lotuta etorri zen Euskal Herriko Mundu Martxa, 2005ean. Ez zen gure izenean egindako gauza bat, baina gu geunden herri guztietan eta saiatu ginen dinamika sortzen, ilusioa pizten... 

Hogei urteko ibilbideaz zer balorazio egiten duzu?  

Nik neukan amets bat Bilgune Feminista sortu genuenean, eta zen bakoitza bere eremuan eragile feminista bihur zedila. Bilgunearen anbizioa zen hori saretzea, eta uste dut hori ez duela guztiz lortu, baina berdin du. Guk imajinatu genuen denek bat egingo zutela Bilgunean, eta ez da gertatu, baina aldi berean, bakoitza ari da bere eremutik feminismoa lantzen. Zentzu horretan, izugarri handitu da aktibismoa. Nik uste dut Bilguneren tokia badela diskurtsoak sortzen jarraitzea eta mahai gainean dauden debateetan eztabaida sustatzea.