2022ko Martxoaren 8a

Aldarri moreak herriko kaleetan hedatu dira

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, bi mobilizazio egin dituzte arratsaldean, bakoitza bere aldetik. Urola Kostako Itaiak elkarretaratzea egin du eta Zarauzko Koordinadora feministak, berriz, manifestazioa.

Pandemiak utzitako azken bi urte gorabeheratsuen ondoren, aldarri sakonekin betetzeko aukera izan dute zarauztarrek herriko kaleak Martxoaren 8an. Aurten, bi mobilizazio deitu dituzte, eta bakoitza bere aldetik gauzatu da: alde batetik, Urola Kostako Itaiak elkarretaratzea egin du Frontoi Txikin, 18:30ean hasita, eta, bestetik, Zarauzko Koordinadora Feministak -tartean, Zarauzko Bilgune Feminista, Morroxkak, Oneka Emakume Pentsionisten Elkartea, Zarauzko emakume kirolariak eta abar- deituta manifestazioa egin dute herrian barna ordu erdi geroago.

Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! lelopean egin dute bilkura Itaiak, eta dozenaka lagun batu dira deialdira. "Egiturazko langabezia, lan baldintza txarrak, gure gorputzak saltzera behartuak, zaintza lanen zama, etengabeko erasoak, erailketak, gure itxurarekiko obsesioa, gutxiespenak..." emakumeek bizi duten "zapalkuntzaren adibide batzuk besterik ez" direla salatu dute  elkarretaratzearen amaierako irakurketan. Era berean, emakume langileenganako jazarpenak "forma berriak" garatu baditu ere, "bere horretan" mantentzen dela azpimarratu dute. 

Era berean, azpimarratu dute emakumeen hipersexualizazioak haien zapalkuntza indartzen duela: "Sexu industriak sortzen dituen etekin ekonomikoez gain, komunikabide, sare sozial, zein reality-ek emakumeon muturreko sexualizazioa erreproduzitzen dute. Horrek ondorio lazgarriak ditu gure egunerokoan: depresioa, gure gorputzekiko mespretxua, antsietatea... Eta era berean, indarkeria matxista normalizatzen dute". Horren aurrean, emakumeak askatzeko "aukera bakarra" estatu sozialista eraikitzea dela azaldu dute.

Koordinadora Feministaren mobilizazioa

Zarauzko Koordinadora Feministaren manifestazioa 19:00etan hasi bada ere, ordubete lehenago geratu dira herri apaintzeko eta kartelak egiteko. Zarakatun batukada ere bertaratu da Emakumeen Nazioarteko Eguna girotzera, eta mobilizazioa asterako jada jendetza bilduta zegoen Lege Zaharren enparantzan. Feministok elkarrekin. Saretu, antolatu eta borrokatu! lelopean, Musika Plaza aldera jo dute, jarraian Kale Nagusia zeharkatzeko, eta handik San Frantzisko kaletik Duke Enea parkean geldialdia egiteko. Kartel handi batek Emakumeen Plaza iragartzen zuen sarreran, eta Koordinadorako kideek halaxe jakinarazi dute emakume guztien omenez izendatu dute gune hori haientzat. Segidan, manifestazioarekin jarraitu dute Nafarroa kaletik Musika plazara, eta Barren plazatik Lege Zaharren enparantzan bukatzeko.

Bertan hitza hartu dute mobilizaziorako deia egin dutenak. "Sistema honek egunero erasotzen eta erailtzen gaitu, eta ondo diseinatutako oinarri heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista du. Alegia, gutxi batzuen kapital pilaketa du helburu, gizon zuriaren nahietara makurtzen da. Ondorioz, noski, bide horretan traban duen oro deuseztatu nahi du: emakumeok*, arrazializatuak, homosexualak, transak, prostitutak, zaintzaileak, pentsiodunak, gazteak, aniztasun funtzionala dutenak..." Ez daudela bakarrik eta ez direla bakarrak nabarmendu dute, eta "elkartzen bagara, eskuragarriagoa izango da aldaketa".  Garbi dute zapalkuntza horri aurre egiteko bidea antolakuntza feminista dela.

Bestalde, Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna izanda, etxeko eta zaintza-lanak azpimarratu nahi izan ditu Koordinadora Feministak. "Kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, produktiboak eta politikoak dira, eta pandemia urte hauetan agerian geratu den bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko. Egungo zaintza-eredua emakumeon* gain-esplotazioan oinarritzen da, eta bereziki, emakume migratuenean: aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da".

Horren aurrean, "bizitzaren sostengurako ardura kolektiboa"eskatu dute, "zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zehar-lerroa izan dadin", eta ez dadin emakumeen gain erori. Era berean, "publikoa, doakoa eta integrala" izango den zaintza sistema exijitu dute.