Adimen artifizialari buruzko lankidetza sinatu dute UKUEk eta lau ikastetxek

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 9a, 10:15
Ikastetxeetako ordezkariak eta UKUEko presidente Lourdes Salsamendi Udal Elkartean. (Aritz Mutiozabal)

Oteitza Lizeo Politeknikoa, Aiala ostalaritza eskola, Zumaia Herri Eskola eta Monte Albertia atxiki dira hitzarmenera. Udal Elkarteak 5.000 euroko laguntza emango die zentro bakoitzari.

Kosta bailarako adimen artifizialaren ekosistema sendo eta indartsu bat ehuntzeko asmoz, Urola Kostako Udal Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo goizean lanbide heziketako lau ikastetxerekin: Aiala ostalaritza eskola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Zumaiako Herri Eskola eta Monte Albertia ikastetxearekin, hain zuzen ere. Hitzarmenaren bitartez, zentro bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du Udal Elkartearen eskutik.

Lankidetza egitasmo horren helburua da, elkarlanaren bidetik, adimen artifizialaren esparruan proiektu estrategikoak sustatzea, etorkizun hurbilean Kosta bailara adimentsua eta lehiakorra izan dadin. UKUEko presidente Lourdes Salsamendik atzoko agerraldian nabarmendu zuenez, «hezkuntza eragileen ezagutza partekatzeko, gogoeta prozesuak bideratzeko eta ikerketari heltzeko» xedez ondu da akordioa.

«Jakin badakigu adimen artifiziala esparru estrategikoa dela ekonomia sustatzeko, epe ertainean, jarduera-eremu asko eraldatuko baititu. Hitzarmen honen bitartez, gure eskualdearen ezaugarrien arabera, alegia, neurri-neurrira sakonduko da ikerketa zientifikoan, garapen teknologikoan, baita berrikuntzan eta esperimentazioan ere», zehaztu zuen Salsamendik.

Adimen artifizialaren alorreko erronkei behar bezala erantzuteko, Udal Elkarteak gidatuko du prozesua; beti ere, bertako hezkuntza eragileekin eta enpresa ehunarekin elkarlanean. «Inguruko enpresa lehiakorrak nahiz giza-talentua abiapuntu, elkarlanak adimen artifizialaren arloan eskualde mailako punta-puntako ekosistema sendoa eta berritzailea garatzea du jomuga», azaldu zuen Udal Elkarteko presidenteak. Bere esanetan, «konbentzimendu osoz», hitzarmenak funtsezko ekarpena egingo dio etorkizun hurbilean Kostako garapen sozioekonomikoari.


«Aukera paregabea»

Akordioaren sinadura ekitaldian parte hartu zuten Aialako zuzendari Raul Gonzalezek, Monte Albertiako zuzendari Nora Amorenak, Oteitza Lizeo Politeknikoko zuzendari Ion Gurrutxagak eta Zumaia BHIko zuzendari Olatz Gabarainek. Amorenak hartu zuen hitza, eta ikastetxe guztien izenean, hitzarmenari buruzko beren ikuspegia eman zuen: «Gure arloan, industrian ez bezala, proiektu berritzaileak ez dira hain ohikoak eta gure enpresetan kultura berritzaile hori garatzea gustatuko litzaiguke. Gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko, zubi izan nahi dugu. Beraz, lankidetza honetara deitu gintuztenean, aukera paregabe iruditu zitzaigun. Izan ere, denbora geraman arlo honetan zerbait egin nahian, eta ezjakintasunak azkenan atzera botatzen gintuela».