Datozen hiru asteetarako ikuskizun bana antolatu du AEK-k Korrika Kulturalaren barruan

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 15a, 11:30
Antzoki bat, hutsik.

Aurreneko ekitaldia bakarrizketa saioa izango da; ostegun honetan egingo da, AEK-ko ikasleentzat. Hilaren 25ean, berriz, eRRe ikuskizuna eskainiko dute; eta apirilaren 3an, azkenik, bertso saioa egongo da.

Apirilaren 7tik 8rako goizaldean iritsiko da euskararen aldeko Korrika aldarria Zarautzera, eta ohi bezala, AEK hainbat ekitaldi antolatzen ari da herrian. Datozen hiru asteetarako, esaterako, hiru ikuskizun prestatu ditu. Aurrenekoa AEK-ko ikasleentzat izango da, ostegun honetan. Aitor Arregi, Ximel, aiarrak bakarrizketa saioa eskainiko die.

Hurrengo astean, hilaren 25ean, eRRe ikuskizuna egongo da Modelo aretoan, 20:00etan hasita. Aner Peritz zarauztarra igoko da oholtzara Haizea Arana, Oihana Arana eta Leire Vargasekin batera. Bertsoak, antzerkia, poesia eta musika uztartuko dituzte bertan.

Azkenik, apirilaren 3an, bertso saioa egingo dute Udaberrin Hika, hika, hika, bertsotan Korrhika! izenburupean. Motxian/Etxebeltz taldeak antolatu du saioa, eta herriko bertsolariek parte hartuko dute: Andoni Egañak, Ainhoa Agirreazaldetik, Markel Eizagirrek eta Julen Zulaikak. Maite Aizpuruak egingo ditu gai jartzaile lanak.

Bertso saiorako sarrerak Udaberrin bertan eskuratu ahalko dira astelehenetik aurrera –martxoak 21–.