Aurtengo Zuhaitz Eguna Astin ospatu dute Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleekin

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 16a, 12:58
Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleak, ostiralean, Astin (Argazkia: Zarauzko Udala).

Zumarrak, arkamurkak, astigarrak, gurbitzak, gorostiak, elorriak eta haritzak landatu zituzten ostiralean Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuaren eskutik. Guztira 110 landare landatu zituzten LH 5. mailako ikasleek.

Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuak antolatuta, ostiralean ospatu zuten Zuhaitz Eguna 2022, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Txandaka, urtero herriko ikastetxe batek hartu ohi du parte ekitaldian, eta aurtengoan Salbatore Mitxelena Ikastolako LH 5.mailako ikasleak ibili ziren Astiko lursail batean zuhaitzak landatzen.

Astin 2017an egin zen azkenekoz Zuhaitz Eguna, orduan Zerynthia tximeletak babesteko elkartearekin batera, eta aurten ere lursailaren egoera hobetu eta 2017ko deialdiari jarraipena eman nahi izan dio udalak, "bi helburu nagusirekin: batetik, 1970eko hamarkadatik grafiosia izeneko gaixotasuna pairatzen ari den zumarraren populazioa berreskuratzea, eta bestetik, zumarraren menpe bizi den W zuria izeneko tximeleta buztanmotzaren populazioa babestea; izan ere, tximeleta horren beldarrak ezinbestean zumarrak behar ditu elikatzeko", azaldu du udalak prentsa ohar bidez.

"Zumarrak desagertzen" ari direla azaldu du, eta ondorioz, tximeletaren populazioa ere asko murriztu dela. "Horregatik, gaitz horrekiko erresistenteak diren zumar ale batzuk landatu zituzten ikasleek, eta horrez gain, bestelako zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko aukera ere izan zuten: hala nola, arkamurkak (artelatzak), astigarrak, gurbitzak, gorostiak, elorriak eta haritzak".

Guztira 110 landare landatu zituztela azaldu dute, eta ekintzaren helburua ikasleek gure ingurunea, basoak eta bertako biodibertsitatea ezagutzea dela eta, "ezagutza horren bitartez, natura maitatzea, errespetatzea eta zaintzea". Hemendik aurrera, gainera, "ikasleek izango dute zuhaitz horiek zaintzeko ardura, eta nola hazten eta eraldatzen diren ikusiko dute urteetan zehar".