Gutuna: "Ezagutzen al duzu geltoki berrian trenbidearen azpitik igarotzeko proiektua? Ez dut uste..."

Zarauzko Hitza 2022ko mar. 19a, 10:15

Gaztainpe kaleko zenbait bizilagunek ondorengo idatzia helarazi dute HITZAra, trenbide azpiko obren inguruan herritarrei proiektua azaltze aldera.

Azken boladan, tren-geltoki ingurura hurbildu denak edo parean dagoen laza (Gaztainpe plaza) zeharkatu duenak, ikusi du inguru horretan obrak egiten ari direla. Herritarra harritura geratzen da ikusita parkearen erdiaren lurra puzkatzen ari direla eta zuhaitz asko botatzen. Eta jendeak, ea parkea berritzera ote doazen galdetzen du. Eta erantzuna ezezkoa da; trenbidearen azpitik pasatzeko obrei ekin diote. Harridura handiagoarekin orduan: eta obrak haraino iristen dira?

Izan ere, udalerri honetan edozein ekimeni izugarrizko oihartzuna ematen zaion bitartean (prentsa-artikuluak ikustea besterik ez dago non kaleen noranzkoa aldatzeko lanak iragartzen dituzten, Merkatu plaza berritzeko lanak, bizikletak garbitzeko instalazioak eta abar), arraro samarra geratzen da halako garrantzia eta tamaina duen proiektu bat prentsan iragarri edo aurkeztu ez izana.

Bada, Gaztainpe plazaren inguruko bizilagunei informazioa eman digute (nahiz eta, bide batez esan, informazio hau obrak hasi baino astebete lehenago bakarrik jaso genuela), eta proiektua ikusita, gainerako zarauztarrek horren berri izatea ezinbestekoa dela uste dugu. Udalak ez iragartzeko arrazoia ez dakigu (agian ez dago proiektuaz oso harro, damuren bat izan dezake edo eraman den prozedurak zalantza asko izan ditzake…), baina guztiok ezagutu beharko genukeen proiektua dala ziur gaude.

Testuinguruan kokatzeko, lehenik eta behin aipatu behar da proiektua udalak eta ETSk sinatutako hitzarmen baten ondorioz sortu dela. Hitzarmen horretan, ETS-ek proiektua idatzi eta obrak egiten ditu, baina udalak, jabetza publikoko lurzoruak okupatzeko baimena emateaz gain, obren kostuaren herena ere ematen du (4.346.000 €, BEZ aparte), eta, hortaz, gure ustez bai udalak eta bai herritarrok zerbait esateko eskubidea badugula iruditzen zaigu.

Interes handiagoa duenarentzat, proiektu osoa Zarautz-Lurreko bulegoetan kontsultatu daiteke, baina, laburbilduz, proposamena irudian ikusten dena da: oinezkoen eta txirrindularien bulebar zabal bat egitea proposatzen da, ipar-hego noranzkoan, 12 metroko zabalerakoa (Zigordia kalea bera bezainbestekoa). Oinezkoentzako gune zabal bat, Salberdin lotuko duena zerekin? Zebrabide bat, iturri bat, Gaztainpeko gainerako parkearekin?

Arazoa da oinezkoentzako gune hori guztia irisgarria izan dadin, arrapala Gaztainpe parkearen erdiraino iritsi behar dela. Bai, hori da, orain obrako hesia jarri den tokira arte, iturria baino pixka bat lehenagora arte, hau da, proiektuak errepide berriarentzako proposatzen duen tokira arte.

Baina azalera hori guztia arrapalan badoa, gora eginez, norabide perpendikularrean zulo bat sortuz, zer gertatzen da ekialde-mendebalde loturarekin, herriaren erdialdearen eta Lapurdi kalearen arteko loturarekin eta hortik San Pelaio eta Ikastolarekin? Bada, bistan dago hau bigarren mailako ibilbidetzat hartu dela. Lehentasuna Ipar-Hegoaldeko komunikazioan dago, Salberdindik hondartzarantz; nahiz eta ofizialki erantzuna izan komunikazio horri eusten zaiola: ez da ezer ere gertatzen oinezkoak, gutxi gorabehera zuzenean joateko, 22 mailako eskailerak jaitsi eta gero igo egin behar badituzte, edota mugikortasun-arazoren bat badute, aldapak jaitsi eta gero igotzen badituzte, hori bai, bidegorria amaitutakoan bide horretatik doazen bizikletarekin batera, noski, edota ordekan jarraitu nahiez gero, ez da ezer gertatzen obra hau guztia inguratzeagatik, soilik 50 metro bakarrik joan behar dutela iparralderantz, gero beste horrenbeste beste aldera egiteko….

Ez al litzateke logikoagoa izango, boulevard berri horren gainetik trenbidea igarotzen den bezala, haiei atxikita errodadura-bidea, oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria ere gurutztuko balu (bide batez esanda, Poligonoko pasagunearen gainetik igarotzen diren bezala), eta Gaztainpe plazaren gainerakoa plaza utziz?

Edo, ez al litzateke nahiko duina izango trenbideekiko ibilbide perpendikularra eskailerena izango balitz eta arrapala irisgarriak bi aldeetarantz luzatuko balirakete (bide batez, Mitxelenatik Lapurdirako pasabidean proposatu den bezala) eta, horrela, errodadura-bidea egungo leku berean utzi?

Gainerako trenbide azpiko pasabideetan proposatutako irtenbideak zergatik ez dira baliozkoak edo nahiko duinak honentzat?

Bada, alternatiba horietako edozein baliozkoa izan arren, ez dakigu hauek planteatu ere egin ote diren edota zerbaitegatik baztertu diren; izan ere, prozesu ilun honetan, alternatiben azterketatik obren hasierara arte, alde batera utzi baitira herritarren parte-hartze prozedura mota guztiak, jendaurreko erakusketak eta iradokizunak, proposamenak eta/edo iritziak emateko aukerak.

Prozedura hain isila eta gordea izateak, egindako prozeduraren zuzenketari buruzko zalantzak areagotu besterik ez ditu egiten, bai eremu zibilean, bai hirigintzakoan (bide-erabilera ez baitago jasoa bateragarri bezala espazio libre eta zona berde bezala kalifikatuta dauden eremuetan, egun parkea dagoen bezala).

Hau guztiagatik, udalak berak aurretik ez duenez horrelakorik egin, Gaztainpe plazaren inguruko bizilagunok zarauztar guztiei helarazi nahi dizuegu, dagoeneko eraikitzen hasi den proiektua, zeuek baloratu dezatzuen Salberdineko bizilagun berriei hondartzarantz egingo zaien boulevard handia, Lapurdi eta San Pelaiotik herriaren erdigunera eta alderantziz joan behar dutenei kaltetuz eta gutxietsiz.

Gaztainpe kaleko zenbait bizilagun