Aner Peritz: "Bi muturren artean beste kolore denak kabitzen dira"

Aritz Mutiozabal-Julen Imaz 2022ko mar. 24a, 13:00

Oihana eta Haizea Arana eta Leire Vargas bidaide dituela, Erre. Aldarri bat bertsoz ikuskizunarekin dabil Aner Peritz (Zarautz, 2002), eta bihar, 20:00etan hasita, Modelo aretoan ikusteko aukera izango da.

Erre. Aldarri bat bertsoz da ikuskizunaren izenburua. Zer aldarri da egiten duzuena?

Aldarrikatu nahi izan duguna da pixka bat geure leku hori eta geure izate hori bera. Beste inora joan gabe, emanaldia sortzeko momentua tokatu zenean, laurok bildu ginen, eta derrigorrez lauroi inporta zitzaigun eta zeharkatzen zigun zerbaiti buruz hitz egin behar genuen. Bertso plaza bera –bertan gertatzen diren gatazkak, bertako espazioak okupatzea, nork daukan lekua eta nork ez– nahiko gai iruditzen zitzaigun, eta horri buruz hitz egin dugu.

Lau bertsolari eta sortzaile gazte zarete. Belaunaldi berri bat agertoki gainean?

Hori dezente aipatu izan digute, baina, aldi berean, egia da guk denboratxo bat –gure gaztetasunean, betiere– badaramagula plazetan. Leire Vargas geroago hasi zen bertsotan, baina Haizea eta Oihana Arana eta neu ere 13-14 urterekin hasiko ginen gure lehen plazak egiten, eta badaramagu urte batzuk. Akaso izango da belaunaldi berriagorik, plazetan hain agerian egon ez dena eta hainbeste agertu ez dena. Baina guk badauzkagu bizipen batzuk eta gure diskurtso hori berria baldin bada, diskurtso hori orain arte agertu nahi izan ez delako izan da, ez izan ez delako.

Diskurtso berria diozunean, dualismoa izan duzue hizpide hainbat alditan. Zertan oinarritzen da?

Nolako emanaldia egin pentsatzen hasi ginenean, edo nondik sortua izan zitekeen, zeri buruzkoa, konturatu ginen oso marko egokia egiten zitzaigula dualismoaren kontua. Nola mundua oso bitan banatuta dagoen, nola biren borroka horretatik sortzen diren gatazka asko, eta hori bera nahiko gai iruditzen zitzaigun. Orduan, dualismo horietan sakondu nahi izan dugu, landu nahi genituen gaietan hori agertu zelako. Emanaldiak berak hitz egiten du dualismo zehatzei buruz; esaterako, zaharra-gaztea edo genero bitasuna. Eta gero, modu orokorrean, bitasunak  marko edo kontzeptu bezala hartuta.

Eta bitasun hori erre nahi al duzue?

Ez dakigu bitasun hori erre nahi dugun, edo bitasunen kategoriak erre nahi ditugun. Ulertzen dugu eta kasu batzuetan, gainera, mesede ere egingo dute dualismo batzuk. Aldarrikatu nahi duguna da, baina, ez bitasun horiek erretzea, baizik eta ez direla izaten errealak gaur egunean, edo ez direla izaten errealitateari osoki atxikitzen zaizkionak. Horren baitan dugun tesi orokorra da: bitasunak baldin badaude, eta bi mutur nagusi existitzen baldin badira, ez direla bi mutur horietan geldirik dauden bi egitura. Bi mutur egongo dira, akaso, baina horien artean aukera askok existitu behar dute, eta zuriaren eta beltzaren  artean beste kolore denak kabitu behar dute.

Hori guztia adierazteko bertsoa izango duzue oinarri nagusi ikuskizunean, baina beste diziplina batzuk ere txertatu dituzue: poesia, arte eszenikoak, arte plastikoak... Askotariko proposamena landu nahi izan duzue, ezta?

Arte plastikoetan, agian, ez gara hainbeste sartu, baina egia da apustu bat izan dela hainbat diziplinako ikuskizun bat egitea. Diskurtsoa nahiko barneratuta geneukan, baina egiten dakigun hori erakutsiz bakarrik ez genuen geratu nahi. Ez genuen horretara mugatu nahi. Prozesu bat bizi behar genuenez hau sortzeko, modu berri batean erakustea pentsatu genuen; guk geuk ere beharbada ezagutzen ez genuen modu batean. Bertsoak batzen gaitu lau kideok, eta guztiok partekatzen dugun diziplina nagusia bertsolaritza da, baina bakoitzak bere baitan beste alor batzuk ere lantzen ditu, dela literatura –batez ere, Oihanak eta Leirek–, dela musika, eta harago joaten saiatu gara. Alegia, orain arte landuta ez geneuzkan diziplinei heldu diegu; antzerkiarena, esaterako. Bertsotara ohituta gaudenez, gorputzarekin oso harreman gutxi daukagu, eta abesterakoan oso zurrunak izaten gara, baina kontziente gara gure gorputzak espazio bat okupatzen duela, eta esanahi bat baduela, baita zeresan bat ere. Hori guztia bilatzen saiatu gara, ikuskizun bat sortu nahi genuelako eta ez bertso saio bat. Horretarako, Edurne Azkarateren laguntza izan dugu, eta bera aritu da zuzendari lanetan.

Proposamen berria eta berritzailea da. Bertso munduan eta bertsozaleen artean nola jaso dute ikuskizuna?

Hilabete pasatxo daramagu ikuskizuna estreinatu genuenetik aretoetan, eta orain arte ez dugu feedback handirik jaso. Gehienbat ingurukoak eta ezagunak etorri zaizkigu gauzak esatera, eta jaso dugun erantzuna positiboa izan da orain arte. Jendeak esan digu ikuskizuneko gauza batzuk azkura eragin diotela, ukitu edo mugitu dutela, deseroso sentiarazi dutela. Beste batzuk, berriz, oso pozik eta harro etorri zaizkigu, eta hori ere bazen espero genuena: batzuei deserosotasuna eragingo zien bezala, besteei harro sentiaraztea. Edonola ere, ez dugu oraindik bertso mundu orokor eta zabal horren emaitzarik jaso. Hala ere, bertsoaz hitz egiten ari gara, bertsoak zentralitatea izango balu bezala, eta egia da bertsoari buruz hitz egiten dela ikuskizunean, baina ez da horri buruzkoa, are gutxiago bertsozalea den jendeak bakarrik ulertuko lukeen jendeari zuzendutako emanaldi bat. Oso seguru gaude bertsotan gertatzen diren gatazkak eta bitasunak jendartean gertatzen direla, bertsolaritza ez delako aparteko oasi bat inondik inora ere. Beraz, erabat ulertzeko moduan osatu dugu, bai bertso munduko jendearentzat, bai edonorentzat.

Orain etxean defendatzea tokatzen da. Norbere sorterrian aurkezteak errespetu gehiago sortzen al du?

Ez dakit... Ni pozik nago. Durangon estreinatu genuen, Leireren herrian; Aretxabaletan ere izan gara, Oihana eta Haizearen ondoko herrian; eta oraindik hemen ingurura gerturatu gabe geunden, eta nik ere gogoa baneukan inguruko jendea oldean etortzekoa. Agertoki gainera atera, eta publikora begiratzerakoan hura eta bestea ezagutzen dudala sentitzekoa, hain zuzen ere. Baita bertakoen hizketaldiak entzutekoa eta zer esaten duten ikuskizunaz jakitekoa ere. Irrikaz nago. Egia da, baina, urduritasun gehiago ere sorrarazten dizula erabateko ezezagun talde baten aurrean aritzeak baino; bestelako urduritasun bat da, behintzat. Ni gogotsu nago benetan, eta ea ikus-entzuleek nola hartzen duten.