Bihar, larunbata, Planetaren Ordua ekimenarekin bat egingo du Zarauzko Udalak, eta 20:30etik 21:30era Santa Maria la Real Parrokiako, San Frantzisko elizako, udaletxeko, Torre Luzeako, Sanz Eneako eta Villa Mundako eraikinetako argiak itzaliko dituzte. Udalak, herritarrei dei egin die ekimenean parte har dezaten.
2007. urtean Sidneyn (Australia) sortu zen Planetaren Ordua ekimena Adena WWFk bultzatuta, eta harrezkero mundu guztian zabaldu da. Urtero, milioika pertsonek eta hirik hartzen dute parte beren eraikin ezagunenetako eta etxeetako argiak itzaliz.
Gloria Vazquezek Agenda 21 eta Ingurumen departamentuetako zinegotzia, Planetaren Ordua ekimenean hasieratik parte hartzea bultzatu duenak, nabarmendu duenez, “klima-aldaketa geldiarazteko jardun beharraren garrantziaz ohartarazteko ekintza da hau. Zarauztarrak mundu osoko hiriekin, erakundeekin eta elkarteekin bat egitera animatzen ditugu, ordu horretan beren etxeetako argiak eta etxetresna elektrikoak itzaliz”.
Vazquezek gogorarazi duenez, “ekintza honek garrantzi handiagoa hartzen du aurten, elektrizitatearen eta gasaren prezioek maximo historikoak lortzen ari direnean. Beharrezkoa da trantsizio energetikoa egitea, eguzki-energia eta beste energia berriztagarri batzuk sustatzeko eta CO2aren emisioak murrizteko".
“Planeta bakarra dugu, ez dago B planetarik. Komunitate zientifikoaren txostenek ohartarazi digute premiazkoa dela klima-aldaketa geldiarazteko neurriak hartzea, egoera gero eta larriagoa baita", gehitu du.