Hiztun Ekologistaren Dekalogoa aurkeztuko dute asteazkenean

Elena Marguello 2022ko mar. 26a, 14:03

Euskara sustatzeko sortu du dekalogoa udalak. Modelo aretoan aurkeztuko dute jendaurrean, 18:30ean hasita.

Hizkuntzaren inguruko hainbat kontzeptu gizartean zabaltzeko eta gaiari buruz hausnarketa egiteko sortu du Hiztun Ekologistaren Dekalogoa Zarauzko Udalak, eta asteazkenean herritarren aurrean aurkeztuko du Modelo Aretoan, 18:30ean hasita.

Herri euskaldunetan handiena da Zarautz; 23.200 biztanle inguru ditu eta %70etik gora euskaldunak. "Munduan 6.500 hizkuntza inguru daude, eta guztiek biziraun dezaten, hizkuntzen arteko oreka eta aukera berdintasuna bultzatu behar ditugula esaten digu hizkuntza-ekologiak, eta horretarako egoera ahulenean dauden hizkuntzak sustatu behar ditugula", azaldu dute. Zarauzko Udalak euskara sustatzearen aldeko apostua egin du Hiztun Ekologistaren Dekalogoarekin.

Aurkezpenean parte hartuko dute Itsaso Olaizolak hizkuntza-ekologian adituak, Ainhoa Lasa EMUNeko teknikariak eta hizkuntza-portaeretan adituak eta Beatriz Egizabal aktoreak eta umoregileak.