Eraztun Berde Urdina ezagutu dute Sopelako Udaleko eta Kiribileko ordezkariek

Elena Marguello 2022ko mar. 29a, 14:15

Sopelan gauzatu nahi den Eraztun Berdea proiektuaren baitan egin zuten Zarautzera bisita.

Pasa den ostegunean Eraztun Berde Urdina bisitatu eta haren inguruko informazioa jaso zuten Kiribile elkarteko, Soperako Udaleko eta Uribe Kosta Mankomunitateko ordezkariek. Sopelan gauzatu nahi den Eraztun Berdea proiektuaren sorreran informazioa batzeko helburuarekin, Gloria Vazquez Agenda 21 eta Ingurumen zinegotziak Zarauzko EBU proiektuaren ideiak azaldu zizkien bertaratutakoei.

Proiektuaren inguruko informazioa jasotzeaz gain, Eraztun Berde Urdineko Arkamurka bide zirkularra egiteko aukera izan zuten. “Bisitariek oso ondo baloratu dute gure Eraztun Berde Urdina eta ideia asko atera dituzte euren proiekturako. Argi dugu ideia hauek partekatu eta zabaldu egin behar direla”, azaldu du Vazquezek.

Bi herriak "hurbiltzeko" eta "aurrerantzean ingurumenaren zainketan aurrerapausoak emateko" lehen urratsa izan da topaketa hau.