Zarauzko Hitzak zuzenean emango du 22. Korrikaren hasiera ekitaldia

Zarauzko Hitza 2022ko mar. 30a, 09:00

Bihar hasiko da 22. Korrika Amurrion, eta Urolako Komunikazio Taldeak parte hartuko du hainbat hedabidek elkarlanean handik egingo duten zuzeneko saioan. Mireia Galarza UKTko kazetaria izango da Amurrion, eta Korrikarekin lotutako hainbat lagun elkarrizketatuko du.

Bihar hasiko da 22. Korrika Amurrion, eta hurrengo ostiralean iritsiko da eskualdeko herrietara. Irekiera ekitaldian zuzeneko saio berezia egingo dute ETBk, Hamaika Telebistak, Berriak, Goienak eta Kanaldudek, eta parte hartuko du bertan Urolako Komunikazio Taldeak ere.

Mireia Galarza UKTko kazetaria izango da Amurrion, eta Korrikarekin lotutako hainbat lagun elkarrizketatuko du. Zuzeneko saioa ikusteko aukera izango da UKTko tokiko webgune guztietan -Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza- Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan, 15:45ean hasita.