Herriko haur eta gazteek ostiral honetan egingo dute Korrika Txikia

Elena Marguello 2022ko mar. 30a, 10:30

16:45ean abiatuko da Antoniano Ikastetxe paretik, eta herriko ikastetxe guztiek hartuko dute parte.

Ostiralean egingo dute Korrika Txikia, 16:45ean Antoniano Ikastetxe paretik abiatuta, eta bertako kideek emango dute lekukoa Ertzaintzaren egoitzaren aurreko bidegurutzera arte. Jarraian, Salbatore Mitxelena Ikastolak hartuko du lekukoa, eta Zelai azpiko pasagunea igaro eta Zelai Ondo auzoa zeharkatuko du, kiroldegiko biribilgunera arte.

Bertan Orokieta Herri Eskolak hartuko du lekukoa, eta Azken Portu aldera hartuta, Aguexeneko biribilgunera arte eramango dute. Azken biribilgune horretan, La Salleko ikasleek hartuko dute lekukoa, Korrika Txikia Lege Zaharren enparantzan amaitzeko. Ekitaldiari behar bezalako bukaera emateko, 22. Korrikako abestia dantzatuko dute guztien artean.

Korrika ofiziala, berriz, martxoaren 31tik apirilaren 10era izango da, Amurrion hasi eta Donostian bukatuta. Zarauztik goizeko 04:26an pasatuko da.