Eraztun Berde Urdinak udaberriari begira dituen erronkak aurkeztu ditu

Elena Marguello 2022ko mar. 31a, 09:00

Orain arteko bidea gogorarazi eta etorkizunean "herritarrekiko harremana" sustatzea  da epe laburrera dituzten erronkak, Gloria Vazquez zinegotziaren eta Ainara Garcia teknikariaren esanetan.

Agerraldia egin zuten atzo Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eta Ainara Garcia Eraztun Berde Urdineko teknikariak,  Eraztun Berde Urdina proiektuaren baitako nondik norakoak azaltzeko, Vista Alegre parkean. Bertan, ingurumen zinegotziak, Eraztun Berde Urdineko teknikari berria aurkeztu zuen, Ainara Garcia geologoa. 

Eraztun Berde Urdina garatzera bidean "lan asko" egin dela adierazi du Vazquezek, eta "balioan" jarri behar dela Zarautzek eskaintzen duen "altxor naturala". Bide horretatik, EBU proiektuaren helburu nagusia herri inguruan dauden ingurune natural horiek "babestea eta indartzea" dela aitortu du.

Orain arte hainbat lekutan jarri du bere fokua Eraztun Berde Urdina proiektuak, Vista Alegre parkean, Zingira basoan, Muntxion, Altzadian eta Irita eta Aztiko hezegunean, besteak beste. "Proiektuaren zati batek espazio hauen mantenuan eta kontserbazioan datza; beste zatia, berriz, herritarrekiko harremanean oinarritzen da", azaldu du Ingurumen zinegotziak.

Eraztun Berde Urdina herriaren parte izan dadin, webgunearen diseinua "erakargarriago" egin dutela azaldu du Garciak. Horrez gain, herritarrak "parte aktibo bat izan daitezen" EBUren sare sozialak jarri dituzte martxan, eta laster buletin bat ere sortuko dutela aurreratu du Garciak: "Herriko sail eta elkarte desberdinekin lanean aritzea da gure helburuetako bat".

Udaberriari begira artearekin eta naturarekin lotutako hainbat ekintza gauzatuko dituzte zarauztarrek Eraztun Berde Urdinaren eta Zarauzko biodibertsitatearen inguruan daukaten ezagutza areagotzeko. Hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak nahiz Eraztun Berde Urdinaren astea antolatuko dituzte sasoi horretarako. 

Ekintza hauek guztiak doakoak izango dira, eta zenbait kasutan plazak mugatuak izango dira. Beraz, ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Eraztun Berde Urdinaren inguruko albisteak jasotzeko eta ekintzen berri izateko buletina jaso nahi duen herritar orok mezu bat idatzi beharko du zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera.