Klima aldaketan aditua zara, batez ere Euskal Herrian izan ditzaken ondorioetan oinarrituko zara? Eta zein aspektutan?
Nire ikerketa lanaren zati handi bat kosta guneetan burutu dut, inpaktuei begiratuz, baita hauei aurre egiteko neurriei, egokitzapen neurriak alegia.
Itsas mailaren igoerak ekonomian izango duen inpaktua ere aztertu duzu. Horren berri ere emango duzu? Horretaz oso gutxi hitz egin da, ezta?
Klima aldaketaren ekonomia aspalditik jorratzen den gaia da, baina egia da behar bada ez dela beste informazio batzuk bezain ezaguna. Lan dezente egin dut BC3ko beste kide batzuekin itsas-mailak sor ditzakeen inpaktu ekonomikoak aztertzen, batez ere ziurgabetasuna aintzat hartuz.
Askotan hitz egin da kostako herriak ur azpian gera daitezkeela, baina prebentzio planik eta are gutxiago emerjentzia planik egiten hasi al gara?
Ur azpian esatea ez da zehatza, baina argi dagoena zera da, itsas-maila klima aldaketaren ondorioz igotzen ari dela. XX. mendean zehar urteko 2 mm inguru hazi da, 7000 urtez egonkor egon ondoren. Satelite bideko neurketak ditugunetik, bizkortzen ari dela ere badakigu, jada 3,5 mm inguru. Hala ere, aldaketa nabarmenenak mende erditik aurrera ikusiko ditugu. Klima aldaketa gelditzea edo moteltzea lortzen badugu, gutxiago igoko da. Bestela, egoera benetan larria bilaka daiteke. Inpaktuak ez dira soilik hiriguneetan, baita ekosistemetan, gure hondartzak, esaterako, azpiegituratan, etab.
Berotegi efektuko gasen isurpena sakon murriztuko bagenu ere, abian diren aldaketa batzuek aurrera jarraituko dute. Beraz, inpaktu hauei aurre egiteko neurriak ezinbestekoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan herri batzuk hasi dira egokitzapen planak egiten eta hau oso garrantzitsua da. Bestalde, ondo esaten duzun bezala, alerta goiztiarra eta larrialdi planak ere ezinbestekoak dira, baita lurralde antolakuntza ere. Eusko Jaurlaritza berrikusten ari den Kostaldeko Arloko Lurralde Plana tresna funtsezkoa izan daiteke.