Hiztun Ekologistaren Dekalogoa herritarren eskura

Hiztun Ekologistaren Dekalogoaren aurkezpena. Modelon. (Iñigo Gaiton)

«Euskararen erabilera indarberritzeko xedearekin» plazaratu du dekalogoa Zarauzko Udalak. Herritar ugari elkartu da Modelo aretoko aurkezpen ekitaldian.

Asteazken arratsaldean aurkeztu zuen Zarauzko Udalak Hiztun Ekologistaren Dekalogoa. Ekitaldia hasi zenean, Xabier Txurruka alkatea pozik agertu zen oholtzan, deialdiak jende ugari erakarri zuelako. Zarautz herri euskalduna dela azpimarratu zuen alkateak hitzartzea hasi orduko. «16.000 euskal hiztunetik gora bizi gara hemen, biztanleriaren %70 baino gehiago», eman zuen jakitera. 

Ondoren, adierazi zuen herria «gero eta eleanitzagoa» dela, eta horrek erronka nagusi bat jartzen duela aurrean: euskara sustatzea «hezkuntzaren jarraipena» diren eremuetan, hala nola aisialdian, kirolean, kulturan edota  alor sozioekonomikoan. «Erronka horri aurre egiteko xedearekin plazaratu dugu dekalogoa;  euskaldunok hizkuntzarekiko dugun konpromisoa indarberritzeko eta euskara ez dakiten herritarrak euskararen aldeko lanaren garrantziaz jabetzeko eta inplikatzeko», mintzatu zen. 

Alkatearen ondoren, Itsaso Olaizola adituak hartu zuen hitza. Zutik eman zuen hitzaldia hizkuntz-ekologian adituak, eta hizketa biziarekin han bildutako herritarren arreta bereganatzea lortu zuen.  


Aniztasuna, aberastasuna

Ekologiaren begiradatik, munduko hizkuntza aniztasuna, bioaniztasuna bezala, aberastasuna da. Ideia horri azpimarra egin zion Olaizolak, eta gehitu zuen hizkuntzen eremura aplikagarriak direla ekologiaren hainbat kontzeptu. «Munduko espezieak desagertzen doazen heinean, lurra pobretzen joaten da  eta ekosistemak desorekatu egiten dira. Hizkuntzen kasuan berdin geratzen da: zenbat eta hizkuntza gehiago, mundua ulertzeko eta bizitzeko modu gehiago daude. Ekologiaren maxima da: aniztasuna aberastasuna da», eman zuen jakitera. 

Produktu ekologikoekin konparazioa eginez, euskara «tokiko eta garaiko hizkuntza» dela adierazi zuen Olaizolak. «Askotan azpimarratzen dugu Europako hizkuntza zaharrena dela, baina are garrantzitsuagoa da euskara hizkuntza modernoa ere badela, gure garaikoa, etengabe garatzen ari delako eta bizirik dagoelako», egin zion azpimarra.


Aktibismorako gonbita

Ekologismoa «zientzia interbentzionista bat» dela azaldu zuen Olaizolak jarraian, «urgentziazko neurriak hartzen dituelako eta aktibismora deitzen duelako». Kontzeptu horri tiraka, «hizkuntza ekologistak izateko gonbidapena» luzatu zien zarauztarrei hitzaldiaren bukaeran. 

Ekitaldia borobiltzeko, Ainhoa Lasa Emuneko teknikari eta hizkuntza-portaeretan adituak eta Beatriz Egizabal umoregileak igo ziren oholtza gainera. Fin jardun zuten, eta haien saioan zehar ikusleek barrez lehertzeko aukera izan zuten behin baino gehiagotan. 

Psikologo baten kontsulta irudikatu zuten biek.  Eguneroko bizitzan euskararen erabilerak sortzen dizkion buruko minen berri eman zion pazienteak terapeutari: lanean, herrira etortzen diren bisitariekin, erosketak egitean... Terapia saioa umore handiarekin jorratu zuten biek, eta testuinguru horretan, dekalogoaren kontzeptu batzuk aletzen joan ziren. 

Etxekolan modura, lau zereginekin atera zen pazientea kontsultatik; besteak beste, hemengoei eta bisitariei lehen hitza beti euskaraz egitea, euskaraz egiten eta ulertzen duten guztiei  euskaraz egitea. Bada, ildo horietako hamar puntutan sakonduz osatu du Zarauzko Udalak Hiztun Ekologistaren Dekalogoa, eta etxez etxe banatzen ari da.