Errelebo baten beharrean

Agurtzane Urbieta, Karmele Azkue eta Igone Ameztoi.

Hainbaten laguntza jasotzen badute ere, une honetan hiru kidek eramaten dute aurrera Haur Kultur Taldea. Egoera zaila dela azaldu dute, eta lekukoa hartuko duen jende berria behar dute, taldea desagertu ez dadin.

Haur Kultur Taldeko sei kideetako hiru dira Agurtzane Urbieta, Igone Ameztoi, eta Karmele Azkue. Gurasoek eta herriko gazteek osatuta, 40 urte pasatxo daramatza lanean taldeak. Urtean hiru ekitaldi nagusi eramaten dituzte aurrera: Gabonetako Hamabostaldia, Txurrukako aterpetxera irteerak eta San Pelaio jaietako haurren danborrada, hain zuzen ere. Ikasturte guztia pasatzen dute hiru ekitaldi horien prestaketa lanetan, baina "aurrera egiteko laguntza" behar dute orain.

Pandemia zela eta, bi urteren ondoren taldea berriro ere martxan jartzea erabaki zutenean, Haur Kultur Taldean jenderik gabe geratzen ari zirela konturatu ziren. Taldearen dinamikan, "erreleboak" ematen direla azaldu du Ameztoik, eta duela  hamabi urte inguru deialdi bat egin zutela gaur egungo "egoera berean" aurkitzen zirelako: "Orduan, hainbat pertsona bertaratu ginen, eta talde indartsua lortu genuen".

Prestatzen dituzten ekintzak, Lehen Hezkuntzako haurrentzako izaten dira gehienbat, eta "naturalena" norberaren haurrak LHko 6. mailara iritsitakoan taldea uztea izaten dela azaldu dute.
Duela pare bat urte, ordea, "erreleboa ematera" zihoazela, pandemia iritsi zen, eta duela hamabi urte zuten egoera berean aurkitzen dira orain. "Eskerrak jendea geratu den laguntzeko, bestela hiru geratuko gara taldean»" adierazi du arduraz Ameztoik. Ikasturte osoko eta egun zehatzetako lanak bereizten dituzte taldekoek, "batzorderako jendea behar dugu, ardurak hartuko dituztenak; ekitaldietara jendea animatzen da eta asko laguntzen digute", aipatu du Azkuek.

Ikasturte osoko lana, esperientziarekin, ederki banatuta izaten dute kideek. Ardura banaketak egiten dituzte, eta ekitaldien aurretik azken gauzak lotzeko geratzen direla azaldu dute, eta bitartean, bakoitzak bere ardurekin aurrera egin eta telefonoz komunikatzen dira: "Zaila da egoera honetan Haur Kultur Taldeari jarraipena ematea, eta desagertzeko arriskuan dago", aitortu du Ameztoik. Hiru pertsonek "lan guztia" ezin dutela egin azpimarratu  du Azkuek. Horregatik, apirila bukaera alderako deialdi irekia egingo dutela jakinarazi dute, "jendea animatzeko eta taldean sartzera bultzatzeko".