Lanuztea egingo dute bihar Orokieta Herri Eskolako irakasleek

Elena Marguello 2022ko api. 6a, 13:30

Bihar bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin PodemosIU-k erdietsitako akordioa. Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxetan egingo dute lanuztea, 07:30etik 11:00etara bitartean.

Lanuztea egingo dute bihar Orokieta Herri Eskolako irakasleek Legebiltzarrean bozkatuko den euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarrien dokumentua dela eta. 07:30etik 11:00etara bitartean egingo dute lanuztea, eta Haur Hezkuntzako %55ak eta Lehen Hezkuntzako %80ak egingo du bat lan geldialdiarekin.

Orokietako zuzendaritzak adierazi duenez, lanuzteak "eragin handia" izango du eguneroko martxan, eta "zerbitzu minimoak bakarrik bermatu" ahal izango dituzte geldialdiak iraun bitartean. Bestalde, 10:30ean Araba kalean burutuko duten elkarretaratzean parte hartzeko gonbita luzatu dute Orokieta Herri Eskolatik, eta horrela "guztiok batera Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria nabarmentzea" nahi dute.