Badator 22. Korrika

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 7a, 11:32

Euskararen aldeko hitzordu garrantzitsuena iristear da, goizaldean zeharkatuko duelako herria 22. Korrikak. Horregatik, AEK-k arratsalde osoan zehar girotuko du herria hainbat eragileren laguntzarekin. Kilometro bakoitza non den ikusi nahi? Hemen zerrenda.

Joan den ostegunean, martxoaren 30a, hasi zen Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Zarautzera iristear da euskararen aldarria lau haizetara zabaltzen ari den egitasmoa. Goizaldean, Getariatik barna etorriko dira korrika herritarrak lekukoaren atzetik, 04:26 aldera –antolatzaileen arabera, gehienez hamar minutuko atzerapenarekin ibiltzen dira–. 

N-634 kostako errepidetik etorriko da herrigunera Korrika, eta Parrokiatik Santa Ana Egoitzara eta handik Bizkaia kalera hartuko du. Handik Azken Portura joko dute, gero Araba kalera, eta Kiroldegi aurretik pasata, Zelai Ondora joango dira eta Zelai azpibidea igarota, Hotel Zarautzera hartuko dute, hau da, Gipuzkoa kalera. Udaltzaingoen egoitzatik Kale Nagusi osoa zeharkatuko dute, eta berriz Parrokiara iritsiko dira. Handik Nafarroa kale osoa zeharkatuko dute Oriorantz. Xuai gainean hartuko dute lekukoa oriotarrek, 05:00etan. 

Korrika 05:30 aldera aterako da eskualdetik, Usurbilerantz. Tolosaldera joango da Korrika, eta ostiraleko eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak. 

Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, 20:00etatik aurrera. 

Gaur arratsaldean Korrika poteoa

Goizaldeko hitzordu garrantzitsuaren aurretik, herriko giroa berotzeko Korrika poteoa antolatu du AEK-k herriko hainbat eragilerekin. Hala, 18:30ean hasita, musika izango da protagonista poteoarekin batera.

Plaza Gorrian, Zarautz Abesbatza eta DJ Antoine izango dira. Ondoren, herriko kaleetan, Arranoko gitarra taldea, Montetxio Korua eta Zarautz Abesbatza izango dira. 20:30ean, Lege Zaharren enparantzan, talde guztiak elkarrekin ariko dira, baita Arrain-Zopa taldekoak ere.