Brozas (Extremadura).

Hemen irakurgai Urola Kostako Hitzako Puntuka atalean Jesus Mari Olaizola Txilikuk idatzitako artikulua.

Gutxitan gertatu zait, baina deskuidu bat izan dut oraingoan: ahaztu egin zait aste honetan iritzi artikulua idatzi behar nuela, eta, lasai asko nengoela, astelehen goizean irakurri dut (Extremadurako Brozas herrian) HITZAtik e-postaz bidali didaten oharra, esanez nire lan hori astearte iluntzerako jaso nahi zutela, ostegunean argitaratu ahal izateko. Zer egin? Zer idatzi? Nola bidali, ez ordenagailu ez wifi nenbilenez oporretan, potoko esnea baino lasaiago? Bada, pentsatu nuen: “hemen bertako kontuez idatzi beharko dut”. Eta papera harturik, hasi nintzen honelaxe:

Kanpoan gabiltzanean, gure lurraldekoak ez bezalako gauzek pizten digute arreta, desberdinak diren gauza horiek, ezohikoak, bitxiak… Eta bitxikeria horiek batzuetan txikiak dira, ñimiñoak. Esaterako, Extremadura honetan belarrak erabiltzen dituzte (zenbaitetan) esnea mamitzeko, eta gazta krematsua sortzen dute, kardu zapore atsegina duen gazta goxoa. Hemen, harritu gintezke herriko tabernatxo batean tinkak prestatzen dituztela ikusita. Arraioak! Tinka izeneko arraina bazela jakitea ere!

Semaforo bati begira konturatu naiz betiko gizontxo berde/gorriari, tarteka, gonak agertzen zaizkiola. Ez du, beharbada, emakumearen berdintasunerantz ekarpen handiegirik egingo, baina ikusgarria eta harritzekoa bada, betikotik aldentzen den neurrian.

Desberdintasun batzuk azpimarragarriagoak dira: zenbait herritan (mendialdean eta) etxeetako tximinia tradizionalak erraldoiak dira, baina zerbait beharko dute etxea berotzeko eta apirilaren hasiera zital honetan eguerdiko 6º C-ei aurre egiteko.

Dena dela, herrialde batzuetatik besteetara egon daitezkeen desberdintasun txikitxoak dira horiek. Badira beste zenbait. Hemen (Extremaduran diot) dena da zabala eta hedatua. Artadi amaiezinak eta arkamurka basoak; enarak nonahi, eta zikoinak aspertzeko adina (zuhaitz ihar bakar batean bederatzi habia kontatu ditugu). Bakardade zabaletan artzain etxolak eraikuntza bakar, eta, gero, han nonbait herri bildu batean etxeak pilatuta, kale estuekin eta bihurriekin, jendea elkarren berora metatuko balitz bezala. Ibaiak ere zabalak eta hedatuak dira, Portugal zeharkatu eta Atlantikoa amets, baina bidean behin eta berriro presek estutuak.

Energia behar dugu, jaunak, energia!

Ikusi ditugu, urrutira, badaezpada ere, Almarazeko bi zentral nuklearrak, Espainiako zaharrenak, oker ez banago. Aspaldi amortizatuta daude, itxita beharko lukete, baina oraindik ere martxan jarraitzen dute, energia merke sortu eta garesti saltzeko, industria energetikoei etekinak eman eta haien jabeen poltsikoak berotzeko.

Energia behar dugu, jaunak, energia! Eta hala behar bada, berdez margotuko ditugu nuklearrak.

Hurbildu gara Tajo, Tietar eta Guadiana ibaietako presak bisitatzera; hango ur-saltoak ematen omen dute energia garbia eta merkea; ikusi ditugu haize errota erraldoiak (hori ez da desberdintasuna, ordea) eta baita zelai zabaletan hedatutako eguzki-panelak. Milaka, milioika, agian. Energia garbia omen, eta energia beharrezkoa omen.

Extremaduran batez besteko behar energetikoak ez dira izango (ez dut uste) industrialagoak diren beste lurralde batzuetakoak adinakoak, baina han egiten den energia ekoizpena handia da, soberakoa, agian. Eta hainbat eta hainbat motatakoa. Badakit energia beharrezkoa dela edonon, eta hura lortzeko bide garbiak bilatzea ezinbestekoa, baina gogoratu beharko genuke naturak ez duela horrelako pilaketarik egiten. Naturak energia sortzeko gune txikiak antolatzen ditu, eta sortutako energia hori han bertan edo oso hurbileko gunetan (inguru hurbilean) erabili, eta ez gune erraldoiak leku bazterretan egin, urruti dauden beste norabait eramateko, aipatutako gune erraldoi horietan bezala.
Gogoratu beharko genuke naturak asko dakiela. Milaka milioi urte izan ditu zer egin behar den asmatzen aritzeko. Desberdin jokatu nahi izatea ez ote da gure kalterako?