Herritar uholdearen babesean eraman dute lekukoa

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 8a, 06:15

Nahiz eta 22 Korrikaren lekukoa hartzea ordu txikietan  tokatu den, herritarrak gogotsu irten dira kalera, euskararen alde urratsak egitera. Gaur ez da lo egiteko eguna izan. Aldarriz aldarri, egitasmoaz gozatzekoa baizik.

04:26rako zegoen iragarrita Korrikaren iritsiera herrira, Getaria aldetik, baina 04:00 alderako jada herriko sarreran jendea biltzen hasia zegoen. Parrokia ingurua pixkanaka-pixkanaka herritarren topaleku bihurtu da, helduena nahiz haurrena; azken hauek, aurreko asteko Korrika Txikiarekin nahikoa ez, benetako Korrikan ateratzeko irrikaz.

Urduritasuna eta gogoa nahasten zen goizaldeko hego haizearekin. Eta halako batean, Hitzekin lelo distiratsuz zetorren furgoneta zuria xume-xume: "Zarautzen ere Korrikaren alde!". Zarauztarrek lekukoa hartu dute –talde, eragile eta elkarte ezberdin gisa–, eta jende uholde baten babesean itzuli ederra eman diote herriari, non emozioak borborka izan diren.

Ondoren, Orio alderantz jarraitu du euskararen aldeko egitasmoak, bere bidea eginez, igandean Donostian bukatzeko.

Argazkiak: Aritz Mutiozabal eta AEK

Erlazionatuak

Zarautzek ere bat egin du Korrikarekin

Gorka Eizagirre-Aritz Mutiozabal 2022 api 08 Zarautz