45 txori espezie ikusteko eta entzuteko aukera izan dute Arkamurkak antolatuta egin dituzten bi txangoetan

Aitziber Arzallus 2022ko api. 11a, 16:59

Hurrengo hitzordua maiatzaren 1erako jarri dute, Iñurritzan, ordurako udaberriko pasea espero baitute.

Azken bi igandeotan Zarauzko txorien kantak eta kontuak ezagutzeko irteerak egin dituzte Arkamurkak antolatuta, eta natur taldeko kideak pozik daude herritarren aldetik jaso duten erantzunarekin. Torreoiaren inguruan egin zuten lehendabiziko txangoan, 25 txorizalek parte hartu zuten; Urdaneta eta Altzola artean egindako ibilaldian, berriz, 28k. Parte hartzaileei eskerrak eman dizkiete, eta baita gidari lanetan jardun diren Eneko Azkueri, Pello Izkeagari eta Juantxo Unzuetari eta ibilaldi horietan argazkiak egiten aritu den Begoña Arriarceri ere. Denera 45 hegazti espezie ikusi edo entzuteko aukera izan zutela zehaztu dute antolatzaileek.

Datorren hitzordua maiatzaren 1erako jarri dute Iñurritzan. "Udaberriko pasearekin gozatzeko aukera izango dugu, ordurako maiatz kulixkak (Limikoloak) eta abarrak gure zain izatea espero baitugu".