Langileen Nazioarteko Eguna hurreratzen ari da, eta ari dira motorrak berotzen sindikatuak eta eragile politikoak. Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren kasua da. Iragarri duenez, Zarautzen egingo dute Maiatzak 1eko manifestazioa, 18:00etan hasita, Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen lelopean, "egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko".
Egungo egoera "krisialdi kapitalistak ezaugarritzen" duela azaldu du Kontseilu Sozialistak plazaratu duen manifestu batean. "Definizioz, langile klaseak ordaintzen ditu krisialdiak, eta oraingoan ere horrela ari da izaten. Prezioen gorakadak, askatasunik ezak, langabeziak eta aldi baterako lanaldiek, soldata miserableek eta abar luze batek jasangaitza egin dute eguneroko bizitza langileriaren bizkarrean", salatu dute. Beraien esanetan, "egiturazko krisi" hau ez da pandemiaren eta gerraren ondorio bat; "hain justu, krisialdi kapitalistaren adierazpen bezala ulertzen ditugu pandemia garaian azaleratutako hamaika ezintasunak, edota gerra bera". Gaineratu dutenez, "gaur egungo gizartearen garapen mailak denon ongizatea lortzeko nahikoa baliabide sortu ditu. Horretarako, ordea, klase kapitalistaren irabazien aurka jo behar dute nahitaez".
Kontseilu Sozialistak dio "ekarpen bat" egin nahi durela "sozialismoaren eraikuntza ekonomia eta langileriaren momentuko premiak uztartzeko", eta "langile klasearen babeserak zein askatasunerako erreminta praktiko eta estrategikoetan sakontzea" dela beraien asmoa. Hori dela eta, Maiatzaren 1ean Zarautzen egingo diren mobilizizazioetan parte hartzera, "eta bidegabekeria horren guztiaren aurkea zuen aletxoa jartzera" deitu dute.