Irazu Aranburu eta Nerea Amilibia gailendu dira XVII. Pagoeta Mendi Lasterketan

Iñigo Gaiton 2022ko api. 24a, 14:39

1:41:34 denborarekin irabazi du gizonezkoen lasterketa Irazuk, eta Amilibia 2:14:30 markarekin gailendu da emakumezkoen artean. Bikote mistoen lasterketa ere egin da, eta horien artean Igor Etxeberria eta Ainhoa Muruak osatutako bikoteak lortu du garaipena.

Pagoeta Mendi Lasterketaren aurtengo edizioa jokatu da gaur goizean zehar. Kirol probak 435 korrikalari bildu ditu, eta horiek bi lasterketa desberdin egin dituzte. Banakakoan atera dira 249 korrikalari (214 mutil eta 35 neska), eta horiek 21 kilometrotan neurtu dituzte indarrak. Lasterketa mistoan, berriz, 93 bikotek parte hartu dute, eta 8 kilometroko ibilbidea izan dute.

Bederatziak eta erdietan abiatu dute 21 kilometroko bakarkako lasterketa, zeru goibelarekin baina ateri. Zarauzko herrigunetik atera eta Pagoeta tontorrera igo ondoren, Irazu Aranburu eta Nerea Amilibia izan dira herrira itzuli helmuga aurrena zapaldu duten parte hartzaileak. Gizonezkoen artean, Imanol Larrañaga sailkatu da bigarren (1:44:24) eta Unai Zialtzeta hirugarren (1:44:57). Emakumezkoetan, Itxaro Zabaletak (2:18:39) eta Laura Arrregik (2:19:54) osatu dute podiuma. Zarauztar onenen saria Xabier Garatek (1:53:29) eta herrian bizi den Nerea Amilibiak jaso dute.

Bikote mistoen lasterketari 09:45etan eman zaio hasiera, eta ibilbide laburragoa zutenez, 10:30 aldera helmugaratu dira lehen sailkatuak: Igor Etxeberria eta Ainhoa Murua (44:29). Koldo Olazabalek eta Iratxe Aranburuk osatutako bikoteak zeharkatu du helmuga garaileek baino 16 segundo beranduago, eta hirugarren izan dira Ion Intxausti eta Naroa Uria (45:11). Zarauztarrek osatu dituzte lehen bi postuetan sailkatutako bikoteak.

Goiza polita joan da, eta eguraldiak ondo eutsi dio euririk gabe. Jende dezente hurreratu da irteera eta helmuga puntura, eta eguerdiko orduak gerturatu ahala, giro ederra sortu da. Amaieran, zaleen txalo artean gurutzatu dute helmuga parte hartzaile guztiek.