Euskararen aktibista izateko

Maria Maya Manterola 2022ko api. 26a, 15:50

Hiztun Ekologistaren Dekalogoa egitasmo berritzailea jarri dute abian Zarautzen; xedea da herrian euskararen erabilera berrindartzea, hamar gogoetaren bitartez.

Zalantzarik ez dago Zarautz herri euskalduna dela. Euskarak duen arnasguneetako batean kokatuta dago, Urola Kostan, eta herriko 23.000 biztanleetatik %70 baino gehiago dira euskaldunak. Hori hala izanda ere, gizartea aldatzen ari da, gero eta eleaniztunagoa da, eta horrek, euskara sustatzeko orduan, erronka bat baino gehiago sortzen du. Egoera horri erantzun nahian, Hiztun Ekologistaren Dekalogoa izeneko egitasmoa jarri du abian Zarauzko Udalak.

Martxoaren amaieran aurkeztu zuten proposamena. “Euskaldunok hizkuntzarekiko dugun konpromisoa indarberritzeko, eta euskara ez dakiten herritarrak euskararen aldeko lanaren garrantziaz jabetzeko eta inplikatzeko”, esan zuen orduan Zarauzko alkate Xabier Txurrukak. Horretarako, hamar hausnarketa biltzen dituen proposamen bat sortu dute hiztun ekologista kontzeptuaren inguruan.

Zer da hizkuntzarekiko jokabide jasangarria izatea? Zer da euskaraz bizitzea? Errespetu falta al da euskaraz ez dakienari euskaraz egitea? Galdera horiei eta euskararen inguruan sor daitezkeen beste zalantza batzuei erantzuten saiatu da Zarauzko Udala. “Hamar arau baino gehiago, hizkuntzaren gaineko ikuspegi bat helarazi nahi izan dugu, ideiak hamar ataletan ordenatuta”, azaldu du Olatz Elustondok, Zarauzko Udaleko Euskara normalizatzaileak.

Hizkuntza ahulenaren alde

Teknikaria jakitun da euskara eta gaztelania ez daudela egoera berean, eta uste du oreka batera heldu nahi bada neurriak hartu beharko direla, betiere hizkuntza ahulenaren alde. “Gaztelaniak munduan bostehun milioi hiztun ditu; presentzia handia du, eta inertzia bere alde dauka. Egoera hori orekatzeko, euskarari berezko funtzioak eta esparruak eman behar zaizkio, gizartearen aurrean pisua eta prestigioa dutenak”. Prestigioa erabileraren bidez lortzen dela jakitun, zarauztarrak hiztun ekologista izatera bultzatu nahi ditu udalak: “Aktibistak izatea nahi dugu; euskaraz egin dezakegun guztia euskaraz egitea, eta, hortik aurrera, ahalik eta hizkuntza gehien poltsikoan izatea, behar ditugunean erabiltzeko”.

Zarautzen gisako herri euskaldunek aldaketa handiak izan dituzte. “Lehen, euskal elebakarrak ziren herriko hiztun gehienak, eta euskaraz bizi ziren, baita etorri berriekin ere”, dio Elustondok. “Garai hartan gure herrietan bizitzeko beharrezkoa zen euskara jakitea, eta kanpotik etorritakoek ere euskaraz ikasten zuten halabeharrez”. Herritarren artean gaztelania zabalduz joan den heinean, ordea, euskaldunek ere “behin eta berriz” euskararen eta gaztelaniaren artean aukeratu behar izaten dutela azpimarratu du. “Eta euskararen inguruan jaso ditugun hainbat mezuk ez digute laguntzen euskararen aldeko aukera egiten: hizkuntza zaharkitua dela, etorkizunik ez duela, euskaraz egitea errespetu falta dela…”.

Mezu ezkor horiek irauli eta euskararen normalizazioa “ikuspegi zabalago baten barnean kokatzea” izan dute helburu Zarauzko dekalogoarekin.

Hizkuntza aukeratzen

Hamar proposamen, hamar gonbidapen euskara sendotzeko. Baina, nahikoa ote da? “Hamar arau nahikoa izango balira euskara sustatzeko, ez ginateke egongo gauden egoeran”, esan du Elustondok. Haren hitzetan, faktore askok eragiten dute hiztun elebidun edo eleaniztun batek hizkuntza bat erabiltzeko eta bestea baztertzeko: “Norberak hizkuntza horretan duen gaitasuna; inguruko euskaldunen kopurua eta hiztun bakoitzak hizkuntza aukeratzeko duen benetako aukera; hizkuntzaren bizitasunaz edo prestigioaz duen pertzepzioa; ohiturak; bakoitzak hizkuntzarekin izandako bizipenak…”.

Elustondoren ustez, kontua da pertsona batek ez diola bere hizkuntza erabiltzeari uzten besterik gabe. “Beti dago hizkuntzaz kanpoko arrazoiren bat. Bide batez, jabetu behar dugu gure hizkuntza portaerak ondorio batzuk dituela inguruan, eta hizkuntza bat erabiltzeak edo ez erabiltzeak eragina duela, era berean, hizkuntza horren prestigioan, adierazkortasunean, gaitasunean; alegia, hizkuntzaz gain, hizkuntza ohiturak ere transmititzen ditugula”.