Askotariko aldarriz beteko dituzte kaleak Maiatzaren Lehenean

Maialen Etxaniz 2022ko api. 29a, 11:15
Maiatzaren 1eko protesten irudi bat.

ELAk eta LABek Donostiako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Kontseilu Sozialistak hiriburuetan ez ezik, bailarako herrietan ere egingo ditu protestak.

Ate joka dago Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta beste urte batez aldarriz beteko dira eskualdeko nahiz hiriburuetako kaleak. ELA eta LAB sindikatuek Donostian egingo dituzte mobilizazioak igandean, eta eskualdeko sindikatuek hara bertaratzeko deia egin dute. Kontseilu Sozialistak hiriburuetan ez ezik, Urola Kostako herrietan mobilizazioak egingo ditu. 

Birbanaketarako deia
Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu lelopean mobilizatuko da LAB sindikatua aurtengo Maiatzaren Lehenean. Gipuzkoa mailako manifestazioa Donostiako Easo plazatik abiatuko da, 12:00etan, eta eskualdeko taldeek hara bertaratzeko deia egin dute.  

Enplegua eta zaintzak banatzeko, eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra LABek. Sindikatuaren arabera, «kapitalismoak planeta ustiatzen du, eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile klasea desjabetzen ari da, zaintza lanak ez ditu aintzat hartzen, lan harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Era horretan, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen ari dira». Egoera hau, LABen ustetan, «jasanezina» da. «Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen». 

Horren aurrean, «egiturazko neurriak» hartu behar direla uste du LABek, «ez partxeak, estatuetako gobernuak eta gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan». «Politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere», adierazi dute.

LABen esanetan, lan guztiak «aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz». Bestalde, aberastasuna birbanatzeko ideia horretan, banaketa hirukoitza proposatzen du LAB sindikatuak. Zentzu horretan, soldatak hobetzearen beharra azpimarratu dute.

Prekarietatearen kontra
ELA sindikatua ere Donostian mobilizatuko da Maiatzaren Lehenean, Borrokan ari gara, prekarietatearekin amaitu dezagun. Aktibatu, lortu, zaindu lelo hartuta. Alderdi Ederretik hasiko dute manifestazioa, 11:30ean, eta hara bertaratzeko deia egin du Urola Kostako ELAk. «541.600 lan prekarioen» aurkako borroka lehenetsiko du ELAk. 

Euskal sindikatuak adierazi duenez, «enpresek inoiz baino mozkin gehiago izan dituzte 2021ean», baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute. «Errenta ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin esertzea soldatak igo ez daitezen». ELAk ez du errenta itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen. Sindikatu horren arabera, egungo egoeran milaka pertsona egoera prekarioan daude. Horregatik, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata arrakalarekin amaitzea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk.

ELAk salatu du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan). «Emakumeak dira errealitate hori gehien jasaten dutenak. Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena. Milaka pertsona soldata baxuekin, beren lanpostuetan behar besteko segurtasunik gabe eta lan erreformaren ondoren aldizkako finko izenaren atzean ezkutatu nahi diren behin-behineko kontratuekin». ELAk azaldu duenez, hainbat esparrutan egiten du lan sindikatuak, eta aurtengo manifestazioak horren isla izango dira. 

Sozialismoa aldarri
Kontseilu Sozialistak «krisi kapitalistan sozialismoaren eraikuntza» aldarrikatuko du Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. Igande eguerdian Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu dute Urola Erdiko nahiz Urola Kostako Kontseilu Sozialistek. 12:30ean hasiko dute manifestazioa Boulebarretik. 

Igande arratsaldean egingo dituzte eskualde mailako manifestazioak. Urola Kostako Kontseilu Sozialista Zarautzen mobilizatuko da, 18:00etan udaletxe plazatik hasita. Urola Erdian, berriz, hiru herritan deitu dituzte protestak. Azkoitian eta Zestoan 18:00etarako jarri dute hitzordua, herriko plazan. Azpeitian, berriz, 19:00etan hasiko dute manifestazioa herriko plazatik, Krisi kapitalistan sozialismoa eraiki lelopean. 

Kontseilu Sozialistaren arabera, sozialismoaren aldeko «borroka historikoak» erakutsi du langileriaren bizi baldintzak eta «askatasun kuotak langile antolakuntzaren bitartez» lortu izan direla. «Horren fruitu dira egun ditugun hainbat bizi baliabide. Alabaina, komunismoaren porrot historikoak langileria klase gisa botere organoetatik kanpo utzi du, eta XXI. mendeko krisi kapitalistaren aurpegi gordinenak pairatzen ari gara orain; ekonomikoki, baina baita politikoki eta kulturalki ere. Horren ondorio dira prezioen gorakadak, askatasun eza edota lan baldintza geroz eta okerragoak», adierazi dute.

«Egiturazko krisi» horren aurrean, Kontseilu Sozialistak jardun politikoa abiatu du «langileriaren autodefentsa antolatzeko asmoz». Horren harira egin dituzte azken hilabeteetako hainbat ekintza: besteak beste, bizitzaren garestitzearen aurkako mobilizazioak, elkartasun biltegiko dinamikak edota aholkularitza laborala.

Euskal Herrian ez ezik, eskualdean ere langileriaren autodefentsa politikoa sustatzen eta hedatzen dihardutela nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek, «sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa» helburutzat hartuta. «Langile klasearen babeserako zein askatasunerako tresna praktiko eta estrategikoetan sakontzea» da taldearen asmoa.