Maiatzaren Lehenean, sozialismoaren aldeko aldarria zabaldu du Kontseilu Sozialistak

Aritz Mutiozabal - Ane Olaizola 2022ko mai. 1a, 20:00

Gaur Langileen Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala, mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek eta eragile politikoek. Urola Kostako Kontseilu Sozialista Zarautzen egindu Maiatzaren Leheneko manifestazioa, 18:00etan hasita, Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen lelopean.

Lege Zaharren enparantzatik abiatu dira, eta herriko erdiguneari itzulia eman ondoren, Frontoi Txikin egin dute ekitaldia. Aurrena, errezitaldi-kantua egin dute hiru lagunek, eta gero, hitzartzearen txanda etorri da.

Sozialismoaren aldeko aldarria zabaldu dute han elkartu direnek, taldearen arabera, sozialismoa izan baita "askatasunaren bandera" altxatu duen mugimendua aurreko bi mendeetan. "Bere eskutik etorri dira gizatasunaren aldeko konkista nagusiak, askatasun politikoa eta soziala uztartzearen ondotik", esan dute. Hain zuzen ere, Kontseilu Sozialistaren ustez, sozialismoak aldarrikatzen du "garapen teknikoak eta ekonomikoak" eskaintzen dituen aukerak "denon ongizatearen zerbitzura" jartzea.

Deitzaileen esanetan, joan zen mendearen amaieran sozialismoak "porrot" egin zuen eta haren eraikuntza ekonomikoa bukatu gabe geratu zen. Dena den, azpimarratu dute hori gertatu izanak ezin dituela "itsutu" herritarrak: "Ez zaigu komeni langile mugimenduaren historia zaborretara botatzea. Milioika militanteren lekukoa hartzeko eta iraganeko esperientzien kutsu emantzipatzailea berreskuratzeko balio beharko liguke gaurko egunak".

Kontseilu Sozialistak adierazi du egungo egoera ez dela "batere atsegina" langileentzat: "Krisi ekonomiko kronikoa bizitzen ari da egungo kapitalismoa, eta horren albo kalteak pairatzen ari dena langileria da". Haien esanetan, oinarrizko askatasunak ezabatzen ari dira, eta "eskubide ezak" ezaugarritzen du lan mundua. Egoeraren aurrean, ezker parlamentarioari egotzi diote "ganorazko ezer" ez egitea. "Estatua eta kapitala zuritzen dituzte, beren pribilegioak babesten dituzten bitartean, eta proletalgoa engainatzen ari dira, ogi apurrak baino ez diren txikikeriak garaipen handiak balira bezala salduta".

Egoeraren aurrean, taldeak beharrezkotzat jo du langileek beren "behar politikoen arabera" jardutea eta etorkizuneko gizartea "gaurdanik" eraikitzen hastea.