Kaleko lorategietan naturalki atera diren orkideak babestu ditu udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 4a, 12:53
Araba kaleko zenbait lorategi hesitu dituzte. (Zarauzko Udala)

Araba kalean sei espezie desberdinetako ehun orkidea aurkitu dituztela azaldu du Patxi Elola lorezaintza publikoaren arduradunak.

Kaleko lorategi batzuetan modu naturalean orkidea loreak jaiotzen ari direla eta, udalak erabaki du oraindik ez moztea lorategietako belarra, orkideak loratzeko eta babesteko. "Okidea horien bizi-zikloa amaitu ondoren, gune horien belar mozketarekin jarraituko da", jakinarazi du Zarauzko lorezaintza publikoaren arduradun Patxi Elolak. Modu horretan, lasaitu egin nahi izan ditu herriko zenbait gunetan lorategietako belarra ez moztearen inguruan kezka agertu duten pertsonak.

"Botanika gustuko duten pertsonek, Araba kalean bakarrik, sei espezie desberdinetako ehun orkidea aurkitu dituzte, topatzeko arraroak diren batzuk horien artean", azaldu du Elolak. Arkamurka natur taldeak azalpen kartelak instalatu ditu Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren laguntzarekin, eta inguruan hesiak ipini dituzte, orkidea horien loraldia ikusi ahal izateko.