Eraztun Berde Urdinaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte maiatzerako

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 5a, 19:00

Erakusketa, irteerak eta tailerrak antolatu ditu udaleko Ingurumen departamentuak, hainbat natur talderekin elkarlanean. Ekintza gehienetan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena.

Herria inguratzen duen Eraztun Berde Urdina ibilbide naturalari bultzada eman nahi dio udaleko Ingurumen departamentuak, eta horretarako, herritarren parte hartzea sustatu nahi dute. Proiektuaren helburu nagusia da natura zaintzea, eta Zarauzko biodibertsitatea mantentzea, eta beste helburu bat da zarauztarrei eskaintzea espazio bat naturaz gozatzeko. Ildo horretatik, Ainara Garcia teknikariaren ardurapean, hamaika ekitaldi prestatu dituzte maiatzerako, eta Garciak berak eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak prestatutakoaren berri eman dute gaur goizean.

Maiatzaren 14an, larunbatean, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna izango da, eta Arkamurka natur taldearekin batera Zarauzko hezeguneetan dauden hegaztiak behatzeko irteera antolatu dute. Iritatik abiatuko dira 09:00etan, eta 12:00etan itzuliko dira.

Maiatzaren 21ean, larunbatean, sendabelarrak ezgutzeko gaztetxoentzako tailerra egingo dute, Vista Alegre eta Torreoiaren inguruan. Ibilbidetxoa egingo dute inguru horretan dauden sendabelarrak ezagutzeko, eta ondoren, liburuxka bat osatuko dute. 10:30etik 12:30era izango da ekintza. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei bideratuta egongo da ekintza.

Maiatzaren 22an Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna izango da, eta egun horretan Eraztun Berde Urdinarekin zerikusia duten muralak osatuko dituzte 10:00etatik 13:00etara. Frontoi Txikin egingo dute tailerra, 6-12 urte bitarteko haurrei bideratuta. Kasu honetan ez da izenik eman beharko, eta frontoira bertaratzen den edozein haurrek parte hartu ahalko du ekintzan.

Maiatzaren 23tik 29ra, berriz, Odonatuak. Uraren hegoak izeneko erakusketa jarriko dute Merkatu Plazan, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Sorginorratzak eta burruntziak dira odontuak, eta horiei buruz gehiago jakiteko aukera izango da erakusketan. Astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa, eta igandean 12:00etatik 14:00etara.

Ekimen horri ekainean jarraipena emango diotela jakinarazi du Garciak. Zingira putzuan odonatuak daude, eta ikastaroa eskainiko dute izaki horiek identifikatzeko. Aurrerago emango dute irteera horren berri xeheago.

Maiatzaren 27an, gaueko tximeletak ezagutzeko irteera egingo dute. 21:00etan abiatu eta 23:30 arte iraungo du. Argi guztiak itzaliko dituzte, eta argi berezi batzuen bidez gauez ateratzen diren tximeletak ezagutzeko aukera izango da. Zerintia tximeleta elkartearen eta Arkamurka natur taldearen bidez antolatu dute irteera hori.

Maiatzaren 28an Ibaia ez da toki bat izeneko lantegia egingo dute, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Argazkilaritza estenopeikoaren lantegia izango da, alegia, argazkilaritzaren hastapenetara bidaiatu eta argazki kamerak osatuko dituzte birziklatutako materialarekin. Sanz enean hasiko dute ikastaroa, eta gero Zarauzko errekak ezagutzera joango dira, haiei argazkiak aterata. Arratsaldean, errebelatu egingo dituzte Nagore Legarreta argazkilariaren laguntzarekin.

Ekintzen berri izateko buletina

Eraztun Berde Urdinaren web orrian ibilbidearen inguruko informazio guztia eta haren bueltako albisteak publikatzen ditu udalak, eta Vazguezek eta Garciak gonbita luzatu diete herritarrei buletinera harpidetu daitezen. Modu horretan, posta elektronikoan jaso dezake hala nahi duenak bertan publikatzen dena.

Web orri horretan topa daiteke maiatzeko ekintzetan izena emateko esteka ere. Horrez gain, zarautz@eraztunberdeurdina.eus  helbide elektronikora mezua bidalita ere eman daiteke izena.