Lazaro Etxegaraik haren birraitonari buruzko liburua plazaratu du

Lazaro Etxegarai, liburua aurkezten. (Maria Maya Manterola)

En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956) liburua aurkeztu du Lazaro Etxegarai idazleak. Bonifacio Etxegarairen bizitza bakarrik ez, hark euskal kulturaren alde egindako lana ere jasotzen du.

Azken hamarkadan ondutako liburua aurkeztu zuen asteartean Bonifazio Etxegarairen birbiloba Lazaro Etxegarai Zarauzko bizilagunak, Zumaian. Alondegiko Oxford aretora herritar ugari joan zen, baita liburuaren egilearen ahaideak ere. 

Etxegaraik jakinarazi zuen birraitona hil eta 65 urtera eman duela liburua argitara. Zumaiar askok bezala, bere buruari maiz galdetu izan dio zer dela eta zuen Bonifazio Etxegaraik kale bat herrian –Erribera eta San Jose kaleak lotzen dituen aldapak darama Etxegarairen izena–. «Zarauztik kalearen izena daraman plaka ikustera propio sarritan etorri izan naiz», gaineratu zuen. Etxean ere ez zuten haren inguruko informazio askorik, eta isiltasun hori argitzeko hasi zen birraitonaren hariari tiraka. 
Bonifazio Zumaian jaio zen, Etxegarai Korta familia Azpeititik Zumaiara lekualdatu zelako. Idazleak azaldutakoaren arabera, bi urtera aita zendu zitzaionez, Karmelo anaiarekin hazi eta hezi zen Bonifazio. «Gaitasun intelektual handia zuen Karmelok txikitatik, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen kronista izatera heldu zen», azaldu zuen Etxegarai bilobak. 

Santanderren denboraldi bat igaro zuten bi anaiek, hango osabak hartu baitzituen beren kargu. Han ikasi eta gero itzuli ziren atzera Zumaiara. Karmelo diputazioko liburutegian hasi zen lanean, eta Bonifazio anaia maiz harekin egoten zenez, gaztetatik hasi zen garaiko intelektualekin hartu-emanean. Lazaroren hitzetan, orduan hasi zen Bonifazio «bere unibertsoa» eratzen. Garai hartan idatzi zituen argitaratutako lehen poemak, 14 urterekin. 

Gaztaroan Madrilen adina denbora igaro zuen Euskal Herrian Bonifazio Etxegaraik. Idazlearen arabera, Zumaian bezain etxeko sentitzen zen Gernikan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia) edo Gasteizen, «Euskadi osorik baitzen bere etxea». Arturo Kanpionekin batera egin zituen ikasketak Madrilen, zuzenbide zibilaren eta foralaren ingurukoak. Auzitegi Gorenean atera zuen postua gero, idazkari.

Lazaro Etxegaraik ohartarazi zuen, ordea, Oñatin egin zen Euskal Ikasketen Lehen Kongresuan izan zela, eta Madrilen lana eginagatik, Eusko Ikaskuntzan aurkitu zuela bere ezinegonei irtenbidea emateko instituzioa. 

«Euskal historialaria zen Bonifazio Etxegarai, baina beste ikuspuntu batetik kontatu nahi zuen historia. Euskal gizon-emakumeak erdigunean jarrita, hain zuzen ere», esan zuen idazleak aurkezpenean. Anaia Karmelo hil zenean, haren lekua hartu zuen Euskaltzaindian ere. 

«Euskal berpizkundearekin zerikusia izan zuen gertakari guztien lekuko» izan zen Bonifazio: Autonomia Estatutuen erredaktore eta FAPE euskararen defentsarako erakundeen elkartearen lehendakaria ere bai, besteak beste. 

Donibane Garazin erbesteratu zen sei urtez, Frankoren tropak Bilbon sartu zirenean. Buelta «gogorra» izan zela azaldu zuen Lazarok, epaitegiekin tirabirak izan zituelako. 


Zumaia bistatik galdu gabe

Durangon hil zen, «Madrilen hil nahi ez zuelako», idazlearen arabera. Batera eta bestera ibili zen halabeharrez haurra zenetik, baina ez zuen Zumaia sekula bistatik galdu. Zumaia Bonifaziorentzat zer zen galdetuta, argi dauka Lazaro birbilobak: haurtzaroa. Herrian zituen Domingo Agirre –bere eleberri Kresala itzultzeko eskatu zion Bonifaziori– eta Julio Beobide lagunak ere. Eta sarritan bere poemetan aipatzen duen Gabon izeneko herriaren traza hartzen dio Lazarok Zumaiari. 

Bonifazio Etxegarairen bizitza eta ekarpena deskubrituko ditu irakurleak liburuan, baita zerbaitekiko grina izatea zer den eta nola gauzatu daitekeen ere. Herria izan zen bere pasioa, eta hari eskaini zizkion bere gorputza eta arima.