"Aski gogorra izan da guretzat hitzak sartzea abestietan"

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 6a, 09:00
Sofa musika taldea. (Bixente Martinez)

Zarauzko Sofa hirukoteak ‘Krispetak’ disko berria aurkeztuko du zuzenean gaur, 20:00etan hasita, Modelo aretoan. Madeleine taldearekin partekatuko dute oholtza. Taldeko baxu-jotzaile Kepa Izeta (Zarautz, 1990) lan berriaren nondik norakoen inguruan aritu da solasean.

Zuen lehen bi lanei I eta II izenburua jarri zenieten, baina hirugarren hau Krispetak izenez aurkeztu duzue. Pelikula baten soinu banda bezalakoa dela iradoki nahian, agian?
Lehenik eta behin, oso garbi geneukan III izenburuak ezin zuela izan, eta are gutxiago erromatarrez idatzita. Izan ere, oso disko mitikoak daude, Led Zeppelin taldearen hirugarrena bezala, eta gehiegizkoa iruditzen zitzaigun guk ere jarraipen hori erabiltzea. Bestalde, ohartu ginen diskoan jaso ditugun abestiak oso ezberdinak zirela, oso jostariak eta saltariak. Hori horrela, bururatu zitzaigun Krispetak jartzea, saltoka zetozen abestiak zirelako, eta, gainera, beraien artean ezberdina, krispetak bezala: batzuk gaziak, besteak erreak, beste batzuk gutxi eginak... Metafora horrekin eta taldearen Sofa izenarekin, dena biribiltzen genuen.

Gaziak, erreak, erdi eginak... Bariazio askoko disko bat al da?
Ni uste dut baietz. Beti gure estiloaren barruan, rock matematiko horren barruan, gehiegi bilatu gabe ere, horrelaxe ateratzen zaizkigu abestiak. Batzuk epikoagoak dira, hau da, mantso hasi eta gozo-gozo puntu goreneraino iritsi arte; beste batzuk jostariago edo saltariagoak dira, baita doinu gogorragoak dituztenak ere, metal kutsukoak; edo poperoak ere bai... Denetarik du lan berriak, egia esan.

Aurreko lanean baino gehiago?
Aurreko lanean ere badago aniztasuna, baina agian disko honetan lan gehiago egin dugulako edo denbora gehiago eskaini diogulako, gauza zehatz batzuk bilatzera joan gara. Zentzu horretan, abesti batetik bestera alde gehiago antzematen da.

Badirudi aurreiritzi gutxiago izan duzuela konposatzerakoan, eta sortze prozesuan jolasteko gogo gehiago.
Agian, bai! Ikasten ere joan gara urte hauetan. Egia esan, ez dugu presarik hartu disko hau egiterakoan, eta hori onura izan dela iruditzen zait. Hiru urte aritu gara proiektu berria lantzen, eta hiru urte hauetan gauza ezberdinak entzun ditugu, musika talde ezberdinak deskubritu ditugu, eta norbere gustuak ere aldatzen joan dira. Orduan, oharkabean eta nahigabe, belakiak bagina bezala, gauza horiek xurgatzen joan gara, eta horrela sortu da disko berria.

Pasarte dantzagarriagoak ere baditu disko honek; adibidez, Alegrergela, Boli kosta edo euskal kutsuko Zelatun abestiei esker.
Lehen halako pasarte gutxiago genituen, nahiz eta kontzertuetan lortzen genuen jendea dantzan jartzea. Baina, zalantzarik gabe, jostariago aritu gara lan honetan. Zelatun abestian, esaterako, beti egon gara obsesionatuta Ezpata dantzarekin. Euskal dantza ez dela bakarrik 4x4 erakutsi nahi genuen, eta erronka horretatik sortu genuen abesti hori. Beste abestien kasuan, nabarmena da dantzarako erritmoak daudela. Taldea sortu genuenean ere esaten ziguten Delorean taldea gogorarazten geniela. Gustuko dugu dantza, eta, beraz, erritmo alaiak eta dantzagarriak txertatzea.

Orain arte hirukote instrumentala izan zarete. Disko honek duen beste berezitasuna da estreinakoz ahotsak sartu dituzuela. Ahotsa musika tresna bat gehiago balitz bezala?
Horixe bera nahi genuen lortu: instrumentala izatea oinarri. Egia esan, ahotsa izan da azkena sartu dugun elementua, eta bukaeran etorri denez, ez genuen nahi izatea pop talde batean duen edo bakarlari batek ematen dion presentzia. Oro har, aski gogorra izan da guretzat ahotsak sartzea abestietan, ez genekielako hitzak nola sortu, zeri buruz kantatu... Ez datorkigu bat gauza serioez abesten aritzea. Jon Benito idazlearekin pare bat arratsaldetan egon nintzen, eta berak ziztatu ninduen zer ildotatik jo genezakeen. Musika jostaria bada, hitzak ere sorpresa izan behar duela esaten zidan. Buruari eraginez, halaxe egin genuen: ahotsak nahiko koralak bihurtu ditugu, eta nahiko letra pertsonalak egitea lortu dugu.

Abestien hitzak izenburuak bezain surrealistak al dira?
Dadaistak omen garela esaten digute. Hala garen edo ez garen, batek daki! Baina beti gustatu izan zaigu dena kizkurtzea eta izenburu aldrebes samarrak jartzea. Oraingo honetan, agian, errazago eduki dugu, hitz batzuek pista batzuk ematen zizkigutelako, baina beti saiatzen gara halako bihurrikeriak egiten edo umore puntua jarri nahian. Adibidez, Kokodrilua ta bihurgunea kotxia lapurtu ta perretxiko bila doaz abestiari izenburua luze-luzea jarri nahi genion, jendea apur bat nahasteko. Zarauztar kutsua ere ematen saiatzen gara, esaterako, Iñurritzako moby dick abestiarekin; izan ere, Inurritzakoak garelako gu. Edo Zartaiko parakaidistak krispetak adierazteko metafora da. Hala ere, interpretazio askea dute.

Doinuari dagokionez, musika tresna guztiak oso modu trinkoan biltzen dira, oso garbi.
Aurreko lana Bonberenean grabatu genuen Karlos Osinaga Txapekin, eta ez genituen horrenbeste landu soinu geruzak geure aldetik. Disko honetarako, ordea, ongi prestatuta eraman ditugu. Garrantzia handiagoa eman diogu gitarrak bikoizteko garaian, giroak sortzeko orduan eta baxuaren presentzian, eta ahotsak ere asko jantzi du. Beraz, soinu trinkoago bat lortu dugu. Azken finean, Gaztain estudioan grabatzeko arrazoietako bat hori izan zen: editatuago eta potenteagoa izatea, hain zuzen ere. 

Zerikusia ere izango du nahasketetarako Tom Peters ekoizlea kontuan hartzea, ezta? 
Bai, noski. Peters da Ingalaterran math-rock generoko disko pila bat egin dituen ekoizlea, eta musika tresnak lehen planoan jarriko zituen bera bezalako pertsona bat nahi genuen. Harekin harremanetan jarri ginen, berehala erantzun zigun, eta guretzat ohorea izan da. Uste dut Euskal Herrian estilo honetako lan askorik egin duen ekoizlerik ez dagoela. Gu bezalako talde askorik ere ez dago, instrumentala edo math-rocka egitena duena. Orduan, horrelako diskoak egiten eskarmentua zuen norbaitekin egin nahi genuen lan.