Zarauzko Merkatu plaza eraberritze lanetan aritu dira azken asteetan, eta EH Bilduren udal taldeak jarri duten zoru berria kritikatu du. Koalizioak dio "askotariko iritziak" entzun dituela eraberritzearen inguruan, baina "akats larriena" zoru berria "irristakorra" izatea dela. "Orain, lurrak sortu dituen arriskuak ekiditeko, ez labaintzeko tratamendua eman eta arazoa behin-behinean konpondu dela dirudien arren, horrelako obra bat egin eta jarraian hori egin behar izatea ondorioak izango dituen txapuza bat dela uste dugu", azaldu du zorrotz udal taldeak.
Gainera, seinalatu du "eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatu gabe" jarri dutela Merkatu Plazako zoru berria. "Proiektuko kalitatea kontrolatzeko planak dio produktuen gutxieneko ezaugarri teknikoak betetzen direla egiaztatzeko CE markarekin batera beste dokumentazio batekin egiaztatu behar dela, eta hori egin gabe erosi eta jarri da merkatuko zorua". Gaineratu du zorua jarri aurretik "froga batzuk" egin beharko ziratekeela, Merkatu plazako lurrak "hainbesteko garrantzia" baduelako.
Obrak oraindik amaitu ez badira ere, gauzak "beste modu batera" egin zitezkeela uste du koalizioak, eta Udal Gobernuaren gobernatzeko modua auzitan jarri dute. "Berriz ere erakutsi dute ez direla gobernu honen ikurrak udal administrazioaren izaeraren oinarri izan behar luketen irekitasun, gertutasun eta elkarlana. Udalgintzak herritarrekin modu partekatuan sortutakoa eta ondo gestionatutakoa behar luke, eta ez bata ez bestea ez dira bete Zarauzko Merkatu plazako obrarekin".