Elkano Itsas Herria egitasmoak euskal kostaldea zeharkatuko du, eta Zarauztik igaroko da

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 10a, 09:00

Maiatzaren 24tik irailaren 18ra Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean portuz portu ibiliko dute itsas ondareari buruzko erakusketa bat, eta herri bakoitzean kultur ekitaldiak izango dira. Erakusketa ibiltaria XVIII. mendeko ontzi edo patatxa baten erreplikan eramango dute, eta bertan arraunean egiteko aukera ere izango dute herritarrek.

Elkano Itsas Herria egitasmoa aurkezteko saio dotorea egin zuten atzo goizean Donostiako portuko arranplan Elkano Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Albaolak eta Euskal Itsas Museoak. Kupelekin osatutako erakusketa bat lehorrean, eta uretan XVIII. mendeko ontzi edo patatxa baten erreplika zutela –tripulantez beteta–, aritu dira hizketan Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendaria, Markel Olano ahaldun nagusia, Xabier Agote Albaolako presidentea eta Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoaren zuzendaria.

Egitasmoan erakunde gehiagok ere parte hartuko dute, batez ere kostaldeko udalek, eta horietako hainbat udal ordezkari ere bertan izan dira, besteak beste Haritz Alberdi Getariako alkatea. Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria ere han izan da.

Markel Olanok azaldu du Elkano Itsas Herria euskal kostaldeko herriak lotzen dituen zeharkaldi kulturala dela, “hasi Zierbenatik [Bizkaia] eta Baionaraino [Lapurdi]”. Getarian izango du abiapuntua, maiatzaren 24an, eta amaiera, berriz, Lapurdin, Donibane Lohizunen, irailaren 18an. Tartean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea zeharkatuko du, hainbat eta hainbat portutan geldialdia eginda. Herri horietako bakoitzean kultur ekitaldiak egongo dira, eta erakusketa ibiltaria eramango du patatxak barruan. Gainera, patatxan arraun egiteko aukera izango dute tokian tokiko herritarrek, nahiz eta oraingoz ez duten horri buruzko xehetasunik eman.

Olanoren ustez egitasmo hau izango da Mundubiraren 500. urteurreneko jarduera “jendetsuena eta herrikoiena”, eta udan kostaldean “agenda oso bizia” izango dela aurreikusi du. Egitasmoak bi mugarri nagusi izango dituela ere aipatu du: “Batetik, Pasaian egingo den Itsas Festibala dago, maiatzaren 26tik 29ra egingo dena, hemendik egun gutxi barru; bestetik, nola ez, irailaren 6ko Lehorreratzea, Getarian”.

Herritarrei dei egin die Olanok, parte har dezaten herriz herri antolatuko dituzten ekitaldietan.

Memoria eta batasuna

Gipuzkoako ahaldun nagusiak kontatu du Elkano Fundazioa sortu zutenean –bera da patronoa– “memoria edo ondare bat erreibindikatu” nahi zutela, eta ideia hori azpimarratu du bere hitzartzean: “Euskal Herria mendeetan zehar itsasoari begira bizi izan zen arlo ekonomikoan nahiz sozialean. Kanpora begira, mundura begira bizi izan ginen. Memoria horrek proiektatzen gaitu etorkizunera, eta herri bezala batzen gaitu. Ekimen honek ere kostako herri guztiak batzen ditu lurraldez lurralde, elkartu egiten gaitu eta indartu”.

Agotek, berriz, Juan Sebastian Elkanoren figura goraipatu du, eta esan du “munduan inoiz izan den pertsonaiarik handienetakoa” izen zela. “Zalantzarik gabe, berak lortu zuen inoiz izan den mugarri geografiko handiena”. Eta Albaolak askotan azpimarratzen duen beste ideia bat ere aipatu du: “Oso hitz potoloak izan daitezke, baina euskaldunok munduari ozeanoak zabaldu genizkien. Hor daude Elkano, Urdaneta, Terranovaraino bale arrantzan joaten ziren arrantzaleak… Ez da kasualitatea; garai hartako euskal itsas teknologia zer mailatakoa den erakusten dute, punta-puntakoa baitzen. Izugarria izan zen Berpizkunde hasiera hura, eta euskaldunek zeresan handia izan zuten itsas historia eder horretan”.

Alberdik esan du gaurkoa “egun pozgarria” dela beretzat, “hainbat urtetako lankidetzaren emaitza”, eta esaldi borobila erantsi du: “Itsasoa izan gara, eta haien ondorengoak gara, itsasoak batzen gaitu”. Onartu du gaur egun itsasoa ez dela euskal gizartearen eta ekonomiaren ardatza, baina azpimarratu du “kultur ondare hori iritsi” dela guganaino, eta hori jarri nahi dela balioan: “Itsasoa jarri nahi dugu balioan”.

Juanita Larando patatxa

Euskal kostaldeko portuak lotuko dituen ontzia Juanita Larando da, XVIII. mendeko patatxa baten erreplika. Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitu zituzten planoak, eta Albaolako Aprendiztegi eskolan eraiki dute. Izena, berriz, emakume donostiar baten omenez jarri diote. Agotek azaldu duenez, “Juanita Larando XVII. mendeko ostalari kortsarioa zen, eta bere diruz ordaindu zituen bi patatxa. San Pedro izena jarri zion bati, eta San Juan, besteari”.

Patatxak hamabost metroko luzera du, eta arraun eginda nahiz belen bidez ibil daiteke. Hemezortzi lagunek osatutako eskifaia behar du, eta etapaz etapa, hamar lagun berrik egingo dute arraun. Herritarrek aukera izango dute ontzia barrutik ikusteko eta baita irteera laburrak egiteko ere.

Gutxi gorabeherako egutegia, prest

Elkano Itsas Herria Urola Kostako kostaldeko herri gehienetan izango da, baina oraingoz data definitiborik ez dute eman antolatzaileek. Getaria izango du aurreneko portua, hori ziurra da, maiatzaren 24an ziurrenik, Pasaiako Itsas Festibala hasi aurretik.

Pasaiatik Bizkaia aldera egingo du egitasmoak, eta hamar herri bisitatu ondoren, uztailean itzuliko da Gipuzkoara, eta, besteak beste, Zarautz bisitatuko du.

Egutegia ez ezik, kultur ekitaldi batzuk ere zehaztu dituzte. Hala, Elkanoren inguruan propio sortutako askotariko emanaldiak egongo dira: dantza, haurrentzako ikuskizunak, musika errezitaldiak, ipuin kontaketak, dokumentalak, tailerrak eta solasaldiak, besteak beste.