Teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzeko asmoz, gurasoei zuzendutako hitzaldi sorta antolatu du udalak. Guztira hiru saio eskainiko dituzte maiatzean zehar, Antoniano aretoan, 17:30ean hasita: lehena ezti egingo dute, hilaren 12an; bigarrena, hilaren 16an; eta hirugarrena, hilaren 26an.
Solasaldi hauek adikzio kasuetan adituak diren Iñaki Martinez Aldanondo psikologo klinikoak eta Mikel Cerezo Ansoleaga gizarte-hezitzaileak eskainiko dituzte. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, prebentzioa@zarautz.eus posta elektronikora mezu bat bidalita.
Ostegun honetan izango den lehen hitzaldirako helburu hauek zehaztu dituzte: babes faktoreak garatu eta arrisku faktorean murriztu; komunikazioa sustatu; jokaera arriskutsuak detektatu eta bizi izan dituzten egoera desatseginei aurre egiteko bideak zabaldu; ohiko arriskuak zeintzuk diren azaldu, eta haiek ekiditeko segurtasun eta pribatutasun baliabidez hornitu; elkarbizitza digital osasuntsu baterako beharrezko diren arauen inguruan hausnartu; eta pentsamendu kritiko bat garatzen lagundu.
Hurrengo bi saioetan desberdindu egingo dituzte edukiak, seme-alaben adinaren arabera. Maiatzaren 16koa Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoentzat izango da, eta, besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: lehenengo mugikor-kontratua, erabilpen murrizketa, ordutegiak, edukiak, sare sozialak, udako antolakuntza eta seme-alaben garapen fasea.
Maiatzaren 26ko saioa, berriz, nerabeak dituzten gurasoentzat, eta landuko dituzten gaiak ondorengoak: nerabezaroa eta identitatea, talde onarpena, pribatutasuna, sare sozialak, arriskuak eta abar.