Hainbat zarauztarrek parte hartuko dute Aitzuri frontoian jokatuko dituzten pilota egokituko finaletan

Gipuzkoako Txapelketako azken partidak jokatuko dituzte larunbatean Zumaian, eta hainbat zarauztarrek parte hartuko dute. Hiru partida jokatuko dira, bi kategoriatan banatuta.

Bigarren urtez jarraian, Zumaiako Aitzuri frontoiak hartuko ditu pilota egokituko Gipuzkoako txapelketako finalak. Datorren larunbatean, hilaren 14an, jokatuko dira txapelketaren hamabigarren edizioko azken partidak, goizeko 10:00etatik aurrera, Zumaiako frontoi luzean. 

Aitzuri frontoian bertan egindako agerraldi batekin aurkeztu dituzte gaur, asteartea, datorren larunbatean jokatuko diren finalak. Ander Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidente Blanca Arangurenek, Gipuzkoako Esku Pilota Federazioko kide Juan Carlos Etxeberriak, eta Zumaiako Udaleko zinegotzi Maider Alberdik hartu dute parte ekitaldian. Finalak jokatuko dituzten hamabi pilotariak ere bertan izan dira; tartean Zarauzko taldeko Xabier Villar, Lorea Iribar, Haritz Lertxundi eta Joseba Altuna. Gonbidatu berezi bat ere izan da gaurkoan Zumaiako frontoian: Oinatz Bengoetxea pilotariak finalistek egindako lana txalotu du. 

Pilota egokituko txapelketa honen iazko edizioa osasun egoerak baldintzatu bazuen, aurtengoan normaltasun osoz jokatu dela azaldu dute agerraldian. Parte hartzea ere inoiz baino handiagoa izan dela goraipatu zuten. Guztira, 25 pilotarik parte hartu dute bi federazioek elkarlanean antolatutako txapelketa honetan. "Iaz izandako neurri zorrotzik gabe, aurtengo publikoa ere izan dugu harmailetan", adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete urtarriletik hona txapelketa honetako partidak hartu dituzten udalei. Txapelketa urtarrilan hasi zen Amasa-Villabonan, eta Zumaian bukatu aurretik Donostiako Añorga auzoan, Asteasun, Idiazabalen, Errenterian eta Zestoan jokatu dira jardunaldiak. 

Aurtengo txapelketa "bizitzara bueltatzea" bezala izan dela nabarmendu dute. Ildo beretik, "denen poza eskertzekoa" dela azaldu du Etxeberriak, eta horrek aurrera jarraitzeko bultzada ematen diela. Federazioetako bi kideek emakumeen parte hartzean gabezia sumatzen dutela gaineratu du, baina zentzu horretan berrikuntzak egon daitezkeela aipatu du Etxeberriak Euskal Herriko Esku Pilota Federazioarekin heldutako akordioari esker. 

Gizarteratzerako orduan pilotak duen garrantzia azpimarratu du Agirrek; Alberdik, berriz, datozen urteotan ere ateak zabalik aurkituko dituztela, eta Zumaiako Udalak bidelagun izaten jarraituko duela gaineratu du.

Bi kategoria, hiru partida

Bi kategoriatan jokatu da pilota egokituko txapelketa: adimen urritasuna duten teniseko paleta modalitatean, eta paleta goma gurpildun aulkian. 

Hiru izango dira jokatuko diren partidak: lehenengoan, teniseko paletan, multzo gorrian, Lander Ortega eta Xabier Villar Lorea Iribar eta Ibai Gomezen aurka arituko dira; bigarren partidan, gomazko paleta gurpildun aulkian, German Elkorok eta Asier Navaridasek Manu Quesada eta Beñat Lizasoren izango dituzte aurkari; eta hirugarrenean, teniseko paletan berriro ere, baina multzo urdinean, Joseba Altuna eta Eneko Sagarmendi Iraitz Huegun eta Haritz Lertxundiren aurka neurtuko dira. Berez, Leire Esnal zumaiarra finaletara sailkatu zen, baina egun berean Realaren futbol egokituko taldearekin partida du Malagan, eta finalean jokatzeari uko egin behar izan zion. Altunak jokatuko du zumaiarraren ordez.