Lorpenaren hurrengo pausoa

Aiala Zarautz taldeko jokalari jubenilak, Aritzbatalde kiroldegian. (Luis Epelde)

Asteburuan sektoreko fasean gailendu ostean, Aiala Zarautz taldea jubenil mailako Espainiako Txapelketako azken fasean ariko da. Hilaren 25tik 29ra jokatuko da Mislatan (Herrialde Katalanak). 

"Sekulako ilusioa dute jokalariek. Helburuak beteta daude, eta hau guztia opari handi bat da". Jubenil mailako Aiala Zarautz eskubaloi taldeak Espainiako txapelketako azken fasea jokatzeko txartela lortu du, asteburuan Aritzbatalde kiroldegian sektoreko faseko talderik onena izan ondoren.

Txapelketako azken fasea Mislatan (Valentzia, Herrialde Katalanak) jokatuko da, eta Aiala Zarautz lehen taldean lehiatuko da zortziko final handian, maiatzaren 25etik 29ra bitartean. Aurkari izango ditu Mislata anfitrioia, Pozuelo de Calatrava eta Valladolid taldeak.

Asteburu biribila
Sektoreko partidak ongi aztertuta eraman zituzten Aialako prestatzaileek. Lehen partida Loyolaren aurka jokatu zuten, eta nahiko eroso gailendu ziren. "Uste baino errazago", Iñigo Etxaniz entrenatzailearen hitzetan.

Calasancioko jokalari nabarmenenak kolpe gogorra jaso zuen lehen neurketan, eta horrek eragina izan zuela dio Etxanizek, nahiz eta Zarauzko taldea gehiago izan zen kantxan. Izan ere, hasieratik 9-0ko partzialarekin jarri ziren aurretik markagailuan, eta jokalari guztiei jokatzeko aukera emanez, 35-13 irabazi zuten. "Nahiko emaitza engainosoa izan zen, hala ere".

Hirugarren partidan Peredaren aurka neurtu zituzten indarrak. Atzetik joan ziren une oro eta asko sufritu zuten jokalariek. Hurrengo fasera sailkatzeko gehienez ere  bost goleko aldearekin galdu zezaketen. Bigarren zatian, ordea, aldeak murrizten joan ziren eta azkenean 21na bukatu zuten.

Aurkariak, banan-banan
Finalean, "nahiko multzo konplikatua" tokatu zaiela onartu du entrenatzaileak. Lehen partida Valladoliden aurka jokatuko dute: "Argi dugu partida horretan dena emango dugula". Horrelako faseetan lehen partida irabaztea ezinbestekoa dela iritzi dio, "aurrera begira jartzeko, batik bat".

Bigarren partida etxekoen aurka izango dute, eta nahiko talde txukuna espero dute, fisikoki indartsua. Hirugarren aurkaria Pozuelo taldea izango da, faseetako ohiko bat . «Aurten ere talde polita dutela dirudi».