Aldundiak Aurrekontu Irekien prozesua egingo du gaur arratsaldean herritarrekin

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 11a, 09:40

Udaletxean egingo dute, 18:00etan hasita, eta aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako diputatu Eider Mendozak gidatuko du.

2022-2023 Aurrekontu Irekiak prozesua martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta gipuzkoarrei datorren ekitaldirako proiektuak aurkezteaz gain, hitza eman nahi zaie partaidetzaren bidez. Ekimenaren lehenengo fasea martxan da eta maiatzaren 20ra arte luzatuko da, eta bertan herritarrek beren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Horren harira, Eider Mendoza aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako foru diputatua Zarautzen izango da gaur, aurrekontuak aurkezten eta zarauztarren ekarpenak jasotzen. Udaletxean izango da saioa, 18:00etan, eta sarrera librea da.

Lehen fase hori itxi ondoren, jasotako ideiei forma eman eta proiektu bihurtuko ditu aldundiak eta, irailaren 12tik urriaren 7ra bozketa fasea egingo dute, non gipuzkoarrek diruz lagundu nahi dituzten proiektuen alde bozkatu ahal izango duten. Hamar bozkatuenak finantzatzen lagunduko du aldundiak, 2 milioi eurorekin. Aldundia pasa den agintalditik ari da Aurrekontu Irekien ekimen ezberdinekin lanean.