Bizitza bat salbatzea zure eskuetan dago kanpainari ekitekoak ziren apirilaren hasieran, baina bertan behera laga zuten asteburu horretarako elurra iragarrita zegoelako. Larunbat honetan, plaieroetako finalarekin bat eginez, karpa ipiniko dute malekoian. Larrialdietako Euskal Sistema osatzen duten eragileek bihotz birika bizkortzeko teknikak eta desfibriladoreen erabilera nola egin erakutsiko dituzte bertan.
Horrez gain, 112 telefonoaren berri izateak duen garrantzia azpimarratuko dute. Txurdin Realeko maskota ere bertan izango da, egun horretan malekoian egongo diren herritarrek ezagutza horien jabe izateak duen garrantzia ezagutu dezaten.
Honako eragile hauek bultzatuko dute ekimena: Real Sociedad Fundazioa, SOS deiak, DYA, Babes Zibila Zingira Zarautz, Gurutze Gorria, Ambulancias Gipuzkoa SCOOP, Ambuiberica HT GROUP, Osakidetzako Larrialdiak, Bexen Cardio eta Zarauzko Udaltzaingoa.