Txakurrentzako sei gune egokitu ditu udalak

Txakurrentzako gunea, Frantseskuan. (Amaia Urbieta Arruti)

Maskotak seguru eta aske ibili ahal izateko egokitu dituzte guneak, eta kaleko lorategiak baliatu dituzte horretarako. Arau garrantzitsuenak atea ixtea eta gorozkiak jasotzea direla azpimarratu du udalak.

Etxeko animaliak segurtasunez aske ibili ahal izateko helburuarekin, txakurrentzako sei parke egokitu ditu udaleko Animalien Ongizate eta Babeserako departamentuak. Gloria Vazquez arduradunak arauen eta animalien ongizatearen arteko talkaz hitz egin du: "Alde batetik, udal araudiak txakurrak lotuta eramatera behartzen du, kaletik doazen pertsonekin edota beste txakurrekin arazoak ekiditeko (...). Baina, bestalde, animalien ongizatea garrantzitsua da eta begi bistakoa da txakurrek aire zabalean aske ibiltzeko eta beste txakurrekin erlazionatzeko espazioak behar dituztela".

Arrazoi hori dela eta, hainbat auzotako kaleetako lorategiak baliatu dituzte erabilera horretarako. Astin, Iritan, Frantseskuan, Aritzbatalden, Vista Alegren eta Arrosategi parkean egokitu dituzte guneak. Udalak uste du guneok "erabilgarriak" direla txakur jabeentzat.

Arauak azaltzen dituen panel bat ipini dute parke bakoitzean, baita zakarrontziak ere. Bestetik, udal brigadak txakurrentzako bereziki prestatutako iturriak ipiniko ditu parke bakoitzean. Arau garrantzitsuenak dira sartzean eta ateratzean ateak ixtea, gorozkiak jasotzea eta horiek zakarrontzira botatzea. "Espero dut denon artean espazio hauek zaintzea, gure lagun iletsuek hauez goza dezaten, eta guk beraiekin", amaitu du Vazquezek.