Bertso-sorta: 'Zarauzko beteranoen 19. ibilaldia'

Beteranoen ibilaldiko familia argazkia.

Beteranoen txangoa izan zen aurreko asteburuan, Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatuta. Bertan izan zen Inaxio Uria Isasti, eta egun pasaren nondik norakoak azaltzen dituen bertso berriak jarri ditu.

1.
Hiru urteko etenaldia
amaitu ta berehala
Pagoeta Mendi Elkarteak
ohiko duen bezala
Beteranoen Ibilaldia
antolatu zuen, hala
Hemeretzigarrena izanik
ez da zenbaki hutsala
Gasteiz aldean kokaturikan
erabat laua, normala

2.
Berrogeita hamar izango ginan
hortxe gutxi gora behera
Ordubetean iritsi ere
autobusez Gasteizera
Ta berehala hurbildu ginan
Salburuako parkera
Eguraldia zoragarria
aitzakirik ez, bai zera!
Lehen saioa egin genuen
elkartuz denok batera

3.
Arkautiko urmaelan zehar
Toki ederra, lasaia
Naturarekin bat eginikan
Han gozatzeko garaia
Orein, antzara eta zikoinak
asetuaz gure nahia
Behatokian geldialdia
eztabaidatuaz gaia
Elorriagan amaitu gendun
eguneko lehen bidaia


4.
Elorriaga gune bezala
zen aukeratutakoa
Beraz guztiok osatu gendun
bertan hamaiketakoa
Eramandako jana dastatuz
eta dantzatuz zahatoa
Lirain taldeak jarraitu zuen
borobilduaz txangoa
Eta motelak presarik gabe
autobusez bueltakoa

5.
Lirain taldeak azaldu nahirik
sasoi betean zeudela
azken urratsez inguratuaz
Betoñoko urmaela
Ondoren garaiz iritsi ziren
hitza beteaz horrela
ta argazkia atera gendun
elkartuz talde itzela
Berehalaxe okupatuaz
prestu zegoen jangela


6.
Bazkalondoren ohi bezala
umore ona nagusi
Baina Bixenten trikitiarik
guk ez entzun, ez ikusi
Hainbat urtetan bere jarduna
ziguenez erakutsi
ezustekoaren ondorioz
sentitu ginan biluzi
Baina hurrengoan esperantzan
Bixente, goiari eutsi!!

7.
Abesti saioa eten gabe
Hau da ohiko baldintza
Oso lagungarria izanik
Arantxaren gidaritza
Eta horrela amaitu gendun
egun hortako ekintza
Eta itzulerako bidaian
busean nagusi hitza
Datorren urterako txangoan
Nork hartu behar du giltza?