Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Irekiak aurkeztu zituzten atzo Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 12a, 18:00
Udaletxeko pleno aretoan izan zen atzoko aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Lehen fasean hainbat esparrutako ideiak proposatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Ondoren, proiektu bihurtuko dituzte ideia horiek, eta herritarren boto gehien jasotzen dituzten hamar proiektuak diruz lagunduko ditu aldundiak.

Aurrekontu Irekien nondik norakoak azaltzen izan zen atzo Eider Mendoza foru bozeramailea eta Gobernantzako diputatua Zarautzen. Udaletxean izan zen ekitaldia, Xabier Txurruka alkatearen gidaritzapean.

Atzo azaldu zutenez, gipuzkoarrek egindako proposamenetatik eratorritako proiektuen artean hautatuko du aurrerago aldundiak. Erakundearen "partaidetza erremintarik indartsuenetarikoa" dela esan zuen Mendozak. Lehen fasean dago ekimena.

Orain, herritarrek modu librean aurkeztu ditzakete proposamenak, maiatzaren 20ra arte, esparru hauetako batean kokatuta: ekonomia, enplegua eta turismoa; kultura eta aisia; gizarte politikak (haurrak eta gizarteratzea, adinekoak, desgaitasuna, zainketak); mugikortasuna eta garraioa; ingurumena; landa mundua eta mendiak; euskara; berdintasuna eta aniztasuna; gazteria eta kirolak; eta bide azpiegiturak.

Jasotako ideiei forma emango diete ondoren, eta irailaren 12tik urriaren 7ra, bozketa fasea zabalduko dute. Hamar proiektu bozkatuenak finantzatzen lagunduko du aldundiak, eta 2 milioi euro bideratuko ditu horretara.

Aurrez aurreko topaketak berreskuratuko dituztela ere nabarmendu zuen atzo Mendozak, eta atzo Zarautzen egindakoa izan zen topaketa horien arten lehenengoa. "Eragile eta herritarrekin topaketak egingo ditugu lehenngo fasean, eta kalean egongo gara bigarrengoan, karpa batekin ibiliko baikara herriz herri". Lehen fasean parte hartzeko, web orriaren bidez egin daiteke, buzoietan utziko dituzten gutunak atzera bidalita, edota aldundiaren sarreran edo udal erregistroan utzita.

Bukatzeko, herritarrak ekimenean parte hartzera animatu nahi izan ditu Mendozak, "gure oraina eta etorkizunari buruz asko baitute esateko".