Zarauzko 39. Argazki Rallya egingo dute igandean

Parte-hartzaileek 13:00tik 14:00etara eraman beharko dituzte ateratako argazkiak Zarauzko Argazkizale Elkartean. Ondoren, astebeteko epea izango dute lehiaketara aurkezten dituztenak aukeratzeko. 

Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatuta, Fernando Maiztegiren Oroimenezko 39. Argazki Rally lehiaketa jokatuko da maiatzaren 15ean, igande honetan. Parte hartu nahi dutenek argazkizale elkarteak Ebro etxean duen egoitzan eman beharko dute izena egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara. Helduen inskripzioak 10 euro balio du, eta 16 urtez azpikoentzat, berriz, doakoa izango da.

Rallya hasi aurretik zehaztuko zaizkie landu beharreko gaiak. Bukaeran, 13:00etatik 14:00etara bitartean, partaide bakoitzak elkartearen egoitzan aurkeztuko ditu bere argazkiak, gehienez ere 36, eta horiek ordenagailu batera deskargatuko dituzte. Ondoren, astebeteko epean, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2022@gmail.com posta elektronikora bidali beharko du, lehiakide zenbakia eta gai bakoitzeko argazkiaren zenbakia zehatz adierazita.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarren egiten duenak 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko ditu elkarteak: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, berriz, garaikurra; sariek dagokien zerga atxikipena izango dute. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 17an egingo dute Torre Luzea erakusketa aretoan.

Saritutako argazkiak antolatzaileen esku geratuko direla jakinarazi du Zarauzko Argazkizale Elkarteak, eta horiek argitaratzeko eskubidea edukiko dute, betiere egilearen izena agerian jarrita.