Imanol Royo 'Lartain' eta Jokin Eizmendi harri-jasotzaileek marka saiakerak egingo dituzte igandean

Joseba Ostolaza Harri Eskolako bost harri-jasotzailek egingo dituzte marka saiakerak igande eguerdian, 12:00etan hasita, Aiako probalekuan.

Igande eguerdian, 12:00etan hasita, bost harri-jasotzailek marka saiakera bana egingo dute Aiako probalekuan. Imanol Royo Lartainek 185 kilokoa altxatzeko erronka jarri dio bere buruari; eta Jokin Eizmendi Aritza harriak jasotzen saiatuko da hamar minutuko txanda bakarrean. 

Lartain zarauztarra da, 17 urte ditu, eta zazpi hilabete daramatza harri jasotzen. "17 urterekin eta kirol honetan horren denbora gutxi emanda, 185 kilo altxatzea marka polita dela uste dut", adierazi du.

Jokin Eizmendi 36 urteko zarauztarrak, berriz, Aritzaren 11 harriak eta 175 kiloko beruna hamar minutuan jasotzeko erronka bota dio bere buruari. Orain artean, Perurenak, Goenatxok, Ostolazak eta Eizmendik berak bakarrik jaso dituzte harri horiek guztiak, baina sekula ez erlojuaren kontra. 

Horiez gain, honako saiakerak egingo dituzte Naiara Zumetak, Aroa Sanchezek eta Udane Ostolazak: Zumetak 100 kiloko errektangularra jasotzea izango du helburu; Sanchezek eta Ostolazak hiru zifrako harriari heldu eta 106 kilo jasotzeko ahalegina egingo dute.

Sanchez oriotarra da, 20 urte ditu. Orain dela urte eta erdi inguru hasi zen harri jasotzen, eta 100 kilotik gorako harri bat jasotzea amets bat betetzea litzatekeela dio. Ostolaza ere oriotarra da, 16 urte ditu, eta duela hamar urte hasi zen harri jasotzen. Igandeko errekorra bere lehendabiziko marka ofiziala izango da, nahiz eta hainbat marka egin dituen orain arte. Horrez gain, Sanchezen bidetik, hiru zifrara iristea du buruan. "Txikitako helburua dut hori ,eta orain ikusten dut betetzeko modukoa dela". Zumeta errenteriarrak 28 urte ditu, eta hiru daramatza harri jasotzen. Bere buruari bultzada emateko egin nahi luke marka.