Eta bat-batean, izarren artera

Unai Zubeldia-Gipuzkoako Hitza 2022ko mai. 13a, 18:00

Realak 2004-2005eko sasoian sortu zuen emakumezkoen taldea, eta, hamazazpi denboraldi geroago, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu da, Espainiako Liga bigarren postuan amaituta. Maite Lizaso zarauztarrak lehen talde hartan jokatu zuen; Ane Etxezarreta, berriz, oraingo taldean dabil. Biekin izan da Unai Zubeldia Gipuzkoako Hitza-ko kazetaria.

Bereziak ari dira izaten azken egunak, oso bereziak. “Txapeldunen Ligaz hitz egitea gauza berri bat da gehienontzat”; hala aitortu du Ane Etxezarreta Realeko jokalariak. Aurreko denboraldian gorabehera dezente izan ondoren, atzeko lerroko ikurretako bat bihurtu da beasaindarra, eta “gozamen” bihurtu ditu azken partidak. Espainiako Liga bigarren postuan amaituta —Realak etzi jokatuko du azken partida, Reale Arenan, Alavesen aurka, 12:00etan—, Txapeldunen Ligako atarikoa izango du hurrengo denboraldian, irailaren 20tik 29ra. Kanporaketa hori igaroz gero, txuri-urdinak multzoen fasean ariko dira urritik abendura.

Etxezarretak argi dauka “multzoaren indarra” izan dela taldeak hain ondo jokatu izanaren gakoetako bat. “Oso talde polita sortu dugu, handinahi izugarria erakutsi du jokalari bakoitzak, eta guztiok oso eskuzabalak eta langileak izan gara, bai egunerokoan eta bai asteburuetan”. Akats edo estropezu bakoitzaren ondoren “altxatzeko gaitasuna” izan dutela goratu du Etxezarretak. “Indar hori eduki dugu denboraldi guztian, ez gara erori, eta horixe izan da gakoa”.

Realak 2004-2005eko denboraldian erabaki zuen emakumezkoen taldea sortzea. Euskal Ligan aritu zen lehen denboraldi hartan, behe-beheko mailan, Espainiako Bigarren Mailan 2005-2006ko sasoian, eta 2006-2007ko denboraldia izan zuen estreinakoa maila gorenean. Lehen talde hartan zegoen Maite Lizaso zarauztarra —bederatzi denboraldi egin zituen Realean, eta Athleticen azken hirurak—. “Duela hemezortzi urteko kontuez ari gara hizketan, eta nik orduan ez nekien Txapeldunen Liga zegoenik ere”.

“Beste maila bat” orain

Hasiera hura “izugarria” izan zela aitortu du Lizasok. “Realean jokatzea bera, Realaren elastikoa janztea… Taldea sortu zuten sasoian, guri zirrara eragiten zigun Realaren koloreak defendatzeak, entrenatzeko arropa berdina edukitzeak, bost urteren ondoren arropak klubak berak garbitzeak…”. Futbola zen ordukoa, eta futbola da oraingoa ere. “Baina beste maila bat da gaur egungoa. Adibide modura, goizean entrenatzen dira orain, bertan bazkaltzen dute, lesioen errekuperazioa ere desberdina da…”. Gauza batzuk “asko” aldatu dira, jokalari ohi zarauztarraren ustez. “Eta horri esker hazi dira taldeak, oraindik ere egiteko gauza asko dauden arren”.

Lizasok aitortu du duela urte batzuk inork ez zuela pentsatu ere egiten Reala Txapeldunen Ligan sar zitekeenik. “Baina azken urteotan ikusi da oso ondo ari direla lanean, eta gorakada handia izan duela taldeak”. Duela hamar bat urte Espainiako Lehen Mailan “beheko eta erdiko taldeen artean” zegoen Reala, Lizasoren hitzetan. “Talde asko zeuden gure gainetik: Levante, Athletic, Atletico Madril… Bartzelona hasi zen gero. Ez genuen ikusten askoz gorago joateko aukerarik. Uste dut Realak duela bospasei urte egin zuela emakumezkoen futbolaren aldeko benetako apustua”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.